Korrontearen aurka eta bestelako bizimodu baten alde lan egiten duten gazte baserritarrak

Anboto 2016ko eka. 24a, 09:33

60ko hamarkadako industrializazioaren eraginez, baserritar gehienek fabrikarako bidea egin zuten, bizimodu berri baten bila. Adibide lez, Nerea Mujika ikerlariak El pasado reciente de Durango y su comarca liburuan dio Durangaldeko industrian lan egiten zuten beharginen kopurua bikoiztu egin zela 80ko hamarkada heldu orduko, 6.200etik 12.300era, eta 351 enpresa zeudela martxan. Lehen sektorearen gainbehera etorri zen.

Edozelan ere, belaunaldirik belaunaldi baserritik bizitzeko aukerari heldu diotenak egon dira, eta badira oraindik ere. Gaur egun, korrontearen aurka, ortua edo ganadua bizibidetzat hartu duten gazte baserritarren uzta berri bat dago, eta erreportaje honetan euretariko batzuen esperientziak bistaratu gura izan ditu ANBOTOk.

Jateko ohiturak aldatzen
Duela bost hamarkada gertatutako aldaketa sozioekonomikoak eta merkatuaren liberalizazioak jendearen bizimoduan eta elikaduran beste ohitura batzuk sustatu zituzten. Orain, apur bat bada ere, zerbait aldatzen hasi dela dirudi. Ikuspegi ekologiko eta osasuntsu batetik, bertakoa eta sasoikoa jatearen aldekoak ugaritzen hasi dira Durangaldean; kontsumo taldeak daude han eta hemen, Durangoko Kurutziaga ikastolako jantokian bertako ortuariak sartzen hasi dira, eskola publikoetan aldarri bera zabaltzen dabiltza, Zornotzan Iraunkor ekoizle eta kontsumitzaile taldea sortu dute... Marisatsa elkarteak ere urte batzuetako ibilbidea dauka.

Gazte izanagatik, erreportaje honetako protagonistek badute zeresana. Nekazariek plazarik plaza saldu, eta produktuz betetako otzarak eskaintzen dizkiete kontsumitzaileei. Abeltzainek Idiazabal markaren baitako gazta edota Azurmendi jatetxean dastatu daitekeena ekoizten dituzte, besteak beste.

Korrontearen aurka dabiltza, baina posible izango al da bizimodu horri eustea etorkizunean?

"Kurutziagakoa beste ikastetxe batzuetarako eredu izan da"

Jon Bereziartuak (Iurreta, 1982) Orozketa auzoan dauka ortua, Alazne Intxauspegaz.

Korrontearen aurka, baserrira.
“Sekula tomate bat ukitu barik, ikasketak ordainduta, eta orain ortura zatoz lanera?”, galdetzen zioten Alazneri. Aukera moduan ikusi genuen, eta azken batean, eraldaketa sozialerako tresna bat da.

Nora eramaten dituzue produktuak?
Marmelada eta eztia ere egiten ditugu, eta kontserbekin hasiko gara. Ortuariz betetako 25 bat otzara banatzen ditugu Durangon, Berrizen eta Zornotzan, eta Kurutziaga ikastolara ere eramaten ditugu produktuak. Ikastolakoa, gainera, beste ikastetxe batzuetarako eredu izan da. Baserritarrok astiro-astiro musturra sartzen joan behar dugu ikastetxe, ospitale eta ahal den lekuetan.

Zuena da ereduaren ardura?
Gai honetan, arduraren %50 kontsumitzaileena da. Erosketa bakoitza arma politiko bat da; horregaz erabakitzen duzu nor biziko den, baserritar bat, denda bat, multinazional bat...

 

"Kontsumoan, beharrezkoa da gizartea kontzientziatzeko" 

Julen Azkoagak (Mañaria, 1988) Izurtzan dauka ortua, Nere Aspiazu eta Ion Ruiz de Egino bergararrekin batera, Eskubaratz proiektuan.

Ofizioa zentzu bategaz garatzen duzue.
Ingurumen Zientziak ikasten ezagutu ginen. Orduan, agroekologiaz eta elikadura burujabetzaz ez nekien askorik, baina EHNE-Bizkaian praktikak egin nituen, eta Jaenen (Andaluzia) master bat ere bai. Ion Eskozian egon zen lanean, eta elkartu ginenean zerbait egin ahal zela ikusi genuen, merkatutik kanpoko beste eredu batetik. Sinesten dugun proiektuan gaude, eta zentzu bategaz.

Gazteek badute gerorik?
EHNE-Bizkaitik saiakera asko egin dira, eta laster Baserria XXI proiektua ere aurkeztuko da. Agroekologian eta salmenta zuzenean gabiltzan gazteok batu beharko ginateke.  Kontsumoan, gizartea kontzientziatzea ere beharrezkoa da. Egia da gaia modan dagoela, baina jende asko ez da kontziente baliabideak behar direla. Bestalde, prekarietateari buelta ematea zail dago, lurra karu dago eta. Erraztasun batzuk emanez gero, bizimodu erakargarria izan ahal da, eta argi dut posible dela bertatik bizitzea. Dirutik harago, bizimoduak asko betetzen zaitu.

Zelan saltzen duzue?
Astelehenetan Durangon banatzen ditugu otzarak, eta eguaztenetan Bergaran. Gainera, Bergarako azokan egoten gara eguazten eta zapatuetan. Jon Bereziartuagaz batera, Kurutziagan ere bai. Catering bategaz nahasten da, baina zati batean behintzat bertakoa sartzen bada, gustura gaude. Gainera, ondo ordaintzen den barazkia da.

 

Eñaut Gallastegi (Mallabia,1991): “Posible da honetatik bizitzea, baina gauzak aldatzen ez badira, gero eta zailagoa izango da”

Zelan doa gaztak egiteko esperientzia?
Orain dela 7-8 urte hasi nintzen, DBH amaitu eta gero. Esperientzia gogorra da, eta oraindik emaitza handirik ez da ikusten, prozesu luzea delako. Ez da berdina gurasoen erreleboa hartzea, edo nire moduan, hiru lau behi edukita hastea. Baina lana gustatzen zait, eta hori da saririk onena.

Zenbat gazta ekoizten dituzu? Eta zelan saltzen dituzu?
240 bat ardi ditugu. Esnea ere saltzen dugu, baina gehienbat gazta saltzen dugu. 1.500 kilo egiten ditugu urtean, eta 3.000 edo 4.000 kilora heltzeko asmoa dugu. Izan ere, orain ama ere badabil nigaz, eta egungoak ez digu soldata birako ematen. Ahal den gazta kopururik handiena etxean saltzen dugu, Trabakuan, eta denda batzuetan ere saltzen ditugu banaka batzuk. Azoka batzuetara ere joaten naiz.

Uste duzu posible dela lan honetatik bizitzea?
Posible da, baina gauzak aldatzen ez badira, gero eta zailagoa izango da. Industriak lurrik uzten ez badigu, eta udalek eta Eusko Jaurlaritzak lurra zapaldu eta zapaldu segitzen badute... Durangaldea ikusi besterik ez dago, dena industria da.

 

Kepa Agirregoikoa (Etxano, 1990): “Bertako produktu freskoa oso gutxi dago, eta plazetan jendeak hori asko eskatzen du”

Etxetik datorkizu sena, ezta?
Txikitatik eduki dut argi. Aititak eta amamak esnea saltzen zuten, eta txikitako akordu hori daukat. Aitak okelarako behiak ipini zituen gero, batez ere inguruko landetako belarra jateko. Niri gogoa sartu zitzaidanean, okelarako behiekin ez zegoen aurrera egiterik. Horregatik, berriro esnea ekoizten hasi nintzen, eta gero, gazta, gazta freskoa eta jogurtak. Oso pozik nago, beti gura izan dudana egiten nabilelako.

Zein bide darabilzu salmentarako?
Salmenta zuzena egiten dut, etxean  eta plazetan. Bertako produktu freskoa oso gutxi dago, eta Durangoko eta Gernikako plazetan jendeak asko eskatzen du. Urtean 2.000-2.500 kilo egiten ditut behi-esneagaz, eta ahuntzarenagaz beste hainbeste. Ahuntz-gazta orain modan dago, koipe gutxiagokoa eta osasuntsuagoa dela diote. Nire ustez, gauza desberdinak egitea eta bezeroari entzutea da gazteok dugun giltza.

Eneko Atxaren Azurmendiko menuan zure gazta sartu dute. Pozik?
Bai. Gazta erdi ondua hartzen dute, behiarena eta ahuntzarena. Atxak oihartzuna eman ahal dizu, baina nik berdin-berdin eskertzen ditut bera zein plazara datorren bezeroa.

 

Kike Bilbao (Atxondo, 1986): “Kalitatea, gertutasuna eta konfiantza lako balioak apur bat berreskuratzen dabiltza”

Kike, badirudi jendea elikatzeko moduaz gehiago arduratzen hasi dela...
Jendearen ohiturak aldatzen doaz, eta epe ertain edo luzera, etorkizuna badagoela esango nuke. Kalitatea, gertutasuna eta konfiantza lako balioak apur bat berreskuratzen dabiltza.

Zelakoa da zure proiektua?
Bazkide bi gara, Iker Garcia berangoztarra eta biok. Unibertsitatean, Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa ikasi genuen, eta han sortu zitzaigun ortu ekologikorako eta gauzak aldatzeko grina. Lur bat hartzea gauza oso zaila da gaur egun gazteentzat, eta ekonomia lokala ere bultzatu beharko litzateke. Gu Lezaman hasi ginen ortu txiki bategaz, duela hiru bat urte. Izan ere, han lur bat utzi ziguten. Gero, ondoko baserri eta lur bat alokairuan hartu genuen, eta negutegi batzuk ere bai. Iaztik, familiako lur batzuk lantzen ere hasi nintzen Apatan. Gure beharra prekarioa da, baina egindakoa, behintzat, guretzat da. Edozelan ere, poztasuna ez dugu dirutan soilik ikusten.

Otzarak, plazak... Nora jotzen duzue?
Durangaldean eta Uribe Kostan banatzen ditugu ortuariak, otzaretan, 30 inguru. Gainera, astelehenetan Apatan egoten gara, eta zapatuetan Durangoko plazara joaten ere hasiko gara.

 

Amets Elgezabal (Atxondo, 1984): “Soloan hasi eta aste bira hamazortzi otzara bete ortuari lotuta neuzkan”

 

Gernikarra zara izatez, eta Muxikan daukazu ortua.
Bai. Orain dela hiru urte hasi nintzen.  Betidanik gustatu izan zaizkit lurra eta animaliak. Amama soloan ikusita, osaba ere fruta arbolekin... Baso eta lorezaintzako ikasketak egin nituen, eta lorategi batean lanean egon ostean, ortuan probatzea erabaki nuen. Tarragonan (Herrialde katalanak) ikastaro bat egin nuen, eta horrela ekin nion. EHNE sindikatukoek asko lagundu zidaten, lurrak bisitatzen adibidez.

Otzarak bete ortuari saltzen dituzu...
Soloan hasi eta aste bira hamazortzi otzara bete ortuari lotuta neuzkan. Hogei familia dauzkat bezero, denak Gernika ingurukoak. Bi zatitan banatzen dut, jeneroa pilatu eta piperrak-eta bigundu egiten zirelako. Astelehenetan Astra fabrika sozialean hamar poltsa uzten ditut, eta eguenetan etxerik etxe banatzen ditut beste hamarrak. Badago honetatik tiratzerik: jendeak otzarak eskatzen ditu, Gernikan ere jantokietan bertako produktuak sartzen hasiko dira... Bizimodu bat da.

Mutilak dira baserritar gehienak?
Neska izan arren, berdin-berdin egin ahal da. Egia da gehienak mutilak direla, baina neskak ere animatzen ditut probatzera.

 

Andoni Jaio  (Iurreta, 1994):“Iaz 2.300 gazta egin genituen, eta aurten 4.000ra ailegatuko gara”

 

Iurretako Garaizar auzoan duzue gazta produkzioa. Zerk eraman zintuen lan honetara?
Gorka anaia hasi zen ideiagaz. Artzain eskolara joan, eta proiektuari ekin zion. Nire asmoa ikasten jarraitzea zen, baina batxilergoan nengoela ebakuntza bat egin zidaten, eta etxean egon nintzen bolada batez. Anaiari laguntzen hasi eta azkenean neuk jarraitu nuen gazta egiten. Bera ardien arduragaz geratu zen. Orain hiru anaiak gara bazkide. Iaz 2.300 gazte egin genituen, eta aurten 4.000ra ailegatuko gara. Guztira ia 300 ardi dauzkagu.

Iurretako azokan saltzen duzue gazta, eguenetan.
Bai, eta ekainetik abendura bitartean Gernikako plazan egoten gara saltzen,  hileko lehenengo zapatuetan. Eroskiren Bizkaiko Hiper saltokietan ere asko saltzen dugu, eta denda batzuetan ere bai.

Lan honegaz bizimodua ateratzea posible dela uste duzu?
Bai. Baina, nire ustez, hain proiektu handia baino, hobe da zerbait txikiagoa egitea. 100 ardigaz eta gazta batzuk eginda, esku gutxigaz, hobeto eta trankilago. Lan polita da, baina asko gustatzea beharrezkoa da.

 

Aitor Urien (Abadiño, 1992): “Oso gustura nabil; ez dut sekula lan bat moduan hartu,
bizimodu bat da”

Ez al da lan nekeza?
Oso gustura nabil; ez dut sekula lan bat moduan hartu, bizimodu bat da. Egunero lan egin behar dudala? Bai, baina egun batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, eta oporrak hartzeko aitagaz konpontzen naiz. Zortea eduki dut lurrekin, eta aukera daukanak aprobetxa dezala. Lurrekin dagoen negozioagaz, zerotik hastea ez da erraza.

Zelan murgildu zinen?
Birraitita eta aitita artzainak izan ziren, eta aitak ere, fabrikara bajatu arren, beti eduki du artaldetxoa. DBH amaitzean Fraisorora joan nintzen, abeltzaintzako erdi mailako gradua egitera, bi urtez. Handik Arantzazura joan nintzen, artzain eskolara. 2011n amaitu nuen, eta ostean lanari ekin nion; etxean obra batzuk egin nituen, gaztategiarena, adibidez.

Zelan antolatzen zara?
300 bat ardi dauzkat, eta dozena bat behi ere bai. Ardiak egunero ateratzen ditugu landara, etxeko belarra ematen diegu jaten, eta ahalik eta pentsurik naturalena ematen saiatzen naiz. 2.000 kilo gazta saltzen ditut, eta esnea ere nahikotxo. Ekoizpena handitu gura dut, astiro-astiro. Gehienbat etxetik saltzen dut, eta denda eta azoka batzuetan ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!