Gaur hainbat musikari, bertsolari eta artistak prestaturiko ikuskizuna eskainiko diote, Durangoko Plateruenean. Berak idatzitako Mendian Gora kantatik hartutako “Emaidazue freskura” esaera ipini diote kantaldiari izenburua. Aspaldi daude agortuta, gaur, 22:30ean, Plateruenean izango den emanaldi horretarako sarrerak. Igelaren Banda, Tapia eta Leturia, Mursego, Mikel Markez eta Josu Zabala, Anje Duhalde, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio, Natxo de Felipe eta Anton Letxa, Leire Bilbao, Gotzon Garaizabal eta Peru Magdalena arituko dira gaurkoan oholtza gainean. Ordu t’erdiko ikuskizuna izango da Emaidazue freskura, eta Amurizak bere ibilbidean zehar idatzitako letrak izango ditu oinarri.
Amurizaren ibilbideko hiru ardatzen bueltan berbaz jarduteko hitzordua egin zuten atzo, Zornotzako Zelaieta zentroan. Andoni Egañak, Edurne Brouardek eta Kepa Altonagak, Amurizaren sorkuntza, hizkuntzalaritza eta gizarte eragiletza izan zituzten hizpide.
Amurizaren lekuak
Amurizaren bideak eta aireak “erromesaldi artistikoa” antolatu dute Amurizaren lagunek, ekainaren 19rako: bere jaioterrian, Zornotzako Etxano auzoan hasi eta Berrizen amaituko dute domekako ibilbidea. Hainbat geldialdi izango ditu “erromesaldi” horrek bidean, eta Berrizen herri bazkarian elkartuta emango dute ospakizun asteburua amaitutzat.