Musika beltza entzun eta dantzatzeko piknika, bihar, Tabiran

Anboto 2016ko eka. 18a, 10:00

Ander Ertzilla irakasleak eta hainbat ikaslek osatzen dute Bertzi Marching Band

New Orleans (AEB) hiritik inportatutako estiloan, egun pasa musikala antolatu du Durangoko San Agustin kulturguneak domeka honetarako. 12:00etatik aurrera, eta 18:30 arte, Tabirako zelaian elkartu, eta hainbat musika taldek jotzen duten bitartean, bertan bazkaldu, zuzeneko musika entzun eta dantzatzea da proposamena.

Musika beltza izango da nagusi bihar, Tabirako kultur ekitaldi berezi horretan: Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan sortutako Bart Sax eta Bertzi Marching Band taldeek joko dute, batetik, eta Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldea ere gonbidatu dute Durangon aritzera. Gasteizko Savoy Swing Up elkartekoen eskutik, Durangoko eta Iruñeko musikarien doinuak dantzatzen ikasteko tailerrak ere izango dira, gainera, Tabiran.

Piknik musikala esaten diote egunez eta aire zabalean musikaz gozatzeko bestelako eskaintza egiten duen proposamen honi. Norberak etxetik eramandako jana bazkaldu bitartean, zuzeneko musika gozatzeko aukera da. Lehenengo aldia da horrelako hitzordu bat antolatzen dena Durangon, eta eguraldiaren oso menpeko ekintza izango da: euria egiten badu, bertan behera utzi beharko dute.

Musika eskolatik piknikera
Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako irakasle bik gidatzen dituzte biharko piknik musikalean joko duten Bart Sax eta Bertzi Marching Band: Itziar Castrillok eta Ander Erzillak, hurrenez hurren.
Musika eskolako jardunaren primerako osagarria da ikasleentzat talde horietan jotzea: musika tradizionala abiapuntu hartuta kaleko musikak jo eta inprobisazioagaz esperimentatzeko aukera eskaintzen baitie.

Bart Sax taldeak, Durangoko beste musikari batzuekin kolaboratu izan du Go Black ikuskizuna sortzeko, esaterako. Bertzi Marching Band taldeak, bestalde, Durangoko Ibilaldian jotzeko aukera izan du orain denbora gutxi.

 

Broken Brothers Brass Band iruñarrak ere joko du, bihar

Iruñeko taldea da Broken Brothers Brass Band, baina taldeko hamar musikarietatik bi durangarrak dira: Alfonso Areta tuba-jotzailea eta Txarli Otsoa de Aspuru tronbonista. Amama Luisa Brass Band taldean ibilitakoak dira biak, eta duela hamar urte hura desegin zenetik jotzen dute Broken Brothers taldean.

New Orleanseko banden musika da Broken Brothers Brass Band taldean egiten dutenaren eredua: funkya, gospela eta jazz modernoa uztartzen dituzte. Aurten, Ildoa landuz izenburuko hirugarren diskoa kaleratu du Iruñeko tadeak: doinu dantzagarrien bilduma. Jazz erritmoez gain, indiak, funkyak eta rapak ere badute lekua taldearen disko berriko, kantetan.

Bihar, 13:30etik 15:00etara ibiliko da Broken Brothers Brass Band Tabiran jotzen. Durangon antolatu duten piknik musikalean bertako musika eskolako ikasle gazteek ere parte hartuko dutela aprobetxatuta, Bart Sax eta Bertzi Marching Band taldeekin joko dute esperientzia handiko Broken Band-ekoek: “Bi-hiru kanta joko ditugu eurekin”, dio Aretak.

Kalean zein oholtzatik jardutera oso ohituta daude Broken Brothers Brass Band-ekoak. Areta durangarraren berbetan, “denetik egiten dugu: hiletetan, ezkontzetan, denetariko lekuetan jo izan dugu”. Eta oholtza inportanteetatik ere aritu izan dira: Donostiako Jazzaldian hainbat aldiz jo dute, eta aurten ere hiru egunetan arituko dira han. San Ferminetan eta Zornotzako jaietan ere joko dute, besteak beste, uda honetan.

Zaletasunaren jatorria
Euskal Herrian bizi zen Renato Valeruz musikari austriarragaz — “jazzaren fanatikoagaz”— ikasitakoa da Broken Brothers taldeko Txarli Otsoa de Aspuru eta Alfonso Areta musikari durangarren zaletasunaren jatorria. Valeruzek Durangon zein Iruñean ikasle izan zituen gazteek sorturikoak izan dira Amama Luisa zein Broken Brothers proiektuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!