Ikastaroetan parte hartzea ere probetxuzkoa izan ahal delako uda sasoian

Anboto 2016ko eka. 16a, 15:00

Udaren etorreragaz batera opor usaina nabari da jendearen gogoetan. Atsedena, leku berriak ezagutzea, ikasturte berrirako indarrak hartzea... Helburu ugari izaten dira opor egunetarako. Baina, uda sasoia aprobetxatzeko modu asko daude, eta heziketan sakontzea da euretako bat. Hainbat lagunek ematen dute izena hizkuntza akademietan, unibertsitateetako ikastaroetan edota kultur jardunaldietan.

Ingelesa, intentsiboan
Ingeles mailari bultzadatxo bat emateko aukera ona izaten da uda. Gero eta gazte gehiago joaten dira atzerrira ingelesa praktikatzeko asmoz, urteetan zehar klasean ikasi dutena errealitatean lantzera. Bestalde, ikasketa teorikoan sakontzea ere bada beste aukera bat; udako denbora librea aprobetxatuta, ikastaro intentsiboetan inbertitzea.

Horretarako eskaintza daukate, adibidez, Durangoko Pym’s eta Cris, Elorrioko Ontrack eta Abadiñoko Red Hill akademietan. Aste gutxiren buruan, ingeles maila indartuta ikusiko dute bertaratzen diren ikasleek. Azterketaren bat egiteko asmoa dutenek ere prestakuntza lantzeko tresna moduan ulertu dezakete.

Artistentzat
Artista sena atera edo elikatzeko ez da sasoi txarra udakoa. Horretaz jabetuta, ikastaro bereziak antolatzen dituzte Durangoko Kurutziaga arte akademian. Uztaila erabiltzen dute saioetarako: “Uztailean, goizez eskaintzen ditugu saioak, urtean zehar akademian ez daudenek zer den ikusi ahal izateko” adierazi dute arduradunek. Astelehenetik eguaztenera bitartean izaten dira, eta programazioa ez da itxia. “Nahieran egin ahal dira ikastaroak, bai orduei bai arloei dagokienez”. Marrazten edo sortzen ikasi gura duenak ez dauka ezetz esateko aitzakiarik, beraz.

Kurutziaga akademiako udako ikastaroetan izena eman gura duena akademiatik bertatik pasa daiteke, edo, bestela, telefonoz deitzea ere posible dela adierazi dute hango arduradunek.

Haurrek zein helduek parte hartu dezakete, adin mugarik barik.

Unibertsitateen aukera
Unibertsitateek udarako eskaintza proposatzen dute. Ikasleek, ikasturtean landutako gaiak osatzeko aprobetxatu ditzakete ikastaroak, baina lanean daudenentzat ere baliagarri izan daitezke; izan ere, formakuntza unibertsitarioak ez du zertan gazte denboran bukatu. Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren, Baionan eta Iruñean antolatuko ditu saioak, ekain eta uztaila bitartean; horietako batzuk hasita daude jadanik. Guztira, 7 jardunaldi eta 23 ikastaro izango dira, euskaraz.

Giza eta gizarte zientziak, ingeniaritza, teknologia eta zientzien ataletan banatuta daude. Besteak beste, euskararen biziberritzea, haurren transexualitatea edota sendabelarren tradizioa izango dira gaietako batzuk.

Inskripzioa martxan dago, eta aukeratutako ikastaroa hasi baino astebete lehenago amaituko da.

145 ikastaro EHUn
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak ere garatzen du udako unibertsitatea, eta eskaintza oso zabala aurkeztu du, euskaraz eta gaztelaniaz banatutako saioekin. Denera, 145 ikastaro –euretatik 7 Internet bidez– eta 26 kongresu prestatu dituzte udarako, ekain eta iraila bitartean.

Matrikulatu gura dutenek, www.uik.eus atarian dute informazioa.

Kirola, gaztetxoen eskura
Kirol arloan lan egiten duten elkarte ugarik ere zabaltzen dute eskaintza udarako, beste eredu bateko udalekua proposatuz. Horrela, kirol ugari daude gaztetxoen eskura: futbola, saskibaloia, pilota... Norbere gustuaren arabera praktikatzea posible da.

“Iaz arrakasta” eduki zutela-eta, aurten ere esku pilota eta kirol aniztasun udalekuak antolatzea erabaki dute Durangaldean, ekainaren 27tik uztailaren 22ra. Tornosolo eta Durango eta Abadiñoko pilota eskolak dira hauen antolatzaileak, eta Durangaldeko Amankomunazgoak laguntzen du egitasmoa. Bertan, 8 eta 14 urte arteko gaztetxoek parte hartuko dute. Esku pilotaren ezagupen osoa eta modalitateak jokatzeaz gainera, beste kirol batzuk praktikatzeko aukera izango dute umeek; hala nola, atletismoa, txirrindularitza, mendia...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!