Garraiobidea ostatu hartuta, turismoa egiteko beste modu bat

Anboto 2016ko eka. 16a, 09:00

Gorakada izan du furgoneten erabilerak oporretan joateko. Asko dira turismo mota honen aldeko hautua egiten dutenak: espazio txikian, bidaiatzerako orduan beharrezkoa den guztia  batzen du-eta;  garraioa eta ostatua eskaintzen ditu furgonetak.

Esperientzia berezia da batzuentzat furgonetan bidaiatzea. Gainera, askatasun itzela ematen du oporraldia non eta noiz egin erabakitzeko. Horrek katigatzen ditu gehien hautu hau egiten duten bidaiariak. Ostatu eta guzti bidaiatzeak aukera paregabea ematen du horrenbeste planifikatu gabe bidaiatzeko. Merkeagoa eta inguruagaz hartuemanean, gainera. Turismoa egiteko modu honek askotariko aukerak eskaintzen ditu, eta geraezina dela ematen du. Azken urteetan, prestatutako camper furgoneta hauen zein autokarabanen salmentak gora egin du; baita alokairuak ere. Hala ere, aspaldi aurrea hartuta daude Europako gainerako herrialdeetan: Frantzian, Erresuma Batuan, Portugalen edo Italian. Urte asko dira herrialde hauetan turismo ibiltari honen jarraitzaile direla.

Zaharkitutako usteak
Furgoneta bidaietarako erabiltzea zaharkituta geratu den ustea atzean geratu da.  Baita baliabide gutxiko pertsonen hautua den ustea ere. Gaur egun, camper furgonetan bidaiatzen duten  gehienek eskuratze-maila ertaina dute, eta urtean hainbat egunez bidaiatzen dute.

Salbuespenak salbuespen, turismo arduratsu eta jasangarria da bidaiatzeko camper furgoneta erabiltzen dutenena, ingurumena errespetatzen duena.  Izan ere, gehienek horretarako egokitutako lekuetan egiten dute gaua, eta ezagunak egiten zaizkie aparkatzearen eta lo egitearen desberdintasunak.

Mimoz zaindutako etxea
Mimoz zaintzen dira ostatu diren garraiobide hauek. Aldiro hobekuntzak gehituz, han-hemendik lantxoak eginez, hartara, leku txikiak handi bihurtu nahirik. Sukaldea, berogailua, komuna... bakoitzak premien arabera atonduko du etxea, aldi berean, egunerokotasunerako ibilgailu ere izango duena.

Oporrak beste era batera, norberaren erritmoan disfrutatzeko aukera ematen dute furgonetek. Bizitzaren ikuskera bat da furgonetazale amorratuentzat  furgonetan edo autokarabanan bidaiatzea. Bidaiatzeko era horren jarraitzaile sutsuak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!