Adin bakoitzaren neurriko abenturak gozagai Kimuak aisialdi elkarteko udalekuetan

Anboto 2016ko eka. 15a, 15:00

Iurretako Kimuak Aisialdi Elkarteak udalekuen eskaintza zabala eskaintzen du urtero. Finkoak, ibiltariak, bien artekoak… Adinean aurrera egin ahala, esperientzia eta erronka berriak bizitzeko aukera izaten dute parte-hartzaile gazteek. Aldi bakoitzeko esperientziak lagunduta, urterik urtera fintzen joan diren eskaintza da.

Aurten ere, udalekuen zakua ondo beteta dakarte. Lau antolatuko dituzte. Udalekuen esperientzia lehenengoz biziko dutenei zuzenduta, udaleku finkoak Ozaetan (Araba) egingo dituzte, ekainaren 30etik uztailaren 6ra. Inguruko urtegira bizikletan joan, eta bainu bat hartuko dute, esaterako. Askotariko tailerrak  (txotxongilo tailerra, ukendu tailerra…) ere izango dira.

Udaleku finkoetatik datozen gaztetxoen hurrengo urratsa udaleku finko-ibiltariak dira.  Udaleku finkotik ibiltarirako saltoa leundu guran, tarteko eredu honegaz lanean hasi ziren orain bost urte. Horrela, uztailaren 8tik 11ra, Ozaetan lau egun eman ostean abiatuko dira Bergararantz, bidean Leintz Gatzaga, Eskoriatza edo Arrasate herriak ezagutuz, besteak beste. 2004 eta 2005 urteen artekoei bideratuta dago.

Udaleku Ibiltari Txikiak  dira abenturazale gazteen hurrengo geltokia. Udaleku finkoak baino aukera zabalagoa eskaintzen du abenturarako, baina Ibiltaria baino etapa laburragoekin. Aurten, bigarren hezkuntzako lehenengo maila bietako gaztetxoei bideratuta daugo. Iaz Bizkaiko kostaldea ezagutu ostean, aurten Gipuzkoako kostaldean (Deba-Lezo) emango dituzte uztailaren 8tik 17ra arteko egunak.  Hondartzarik hondartza bainuak hartzeaz gainera, ur-kirolak probatzeko aukera izango dute gazteek, surfa eta piragua besteak beste.

Azkenik, udaleku ibiltaria Kimuak elkarteko klasikoa da: urterik urtera eta apurka-
apurka zailtzen joandako gazteen azken erronka.Urtero Euskal Herriko herri, auzo, eta mendi asko ezagutzeko aukera eskaintzen du. Aurtengo lehenengo etapa bietan, aurretik egon gabeko paisaia ezagutuko dute: Arabako Iparraldea, Nerbioiko ur-jauzian hasiko duten etapagaz.

Erreleboaren atarian
Aurtengo udalekuak bereziak dira, sortu zenetik hona ekimeneko sustatzaile nagusiak izan diren Liher eta Eñaut Aiartzaguena anaien azkenak izango direlako. Erreleboa emateko sasoia dela uste dute: “Aurrerantzean ere, esku bat botatzeko prest egongo gara, jakina, baina ez gu lehen lerroan tiraka aritzeko”, dio Liher Aiartzaguenak.

Urtero 40-50 bat begirale batzen dira udalekuen harira. Talde zabal horretatik “udalekuetatik tiraka jarraituko dutenak irtengo diren esperantza badugu”. Ilusioa, behintzat, ikusten dute: “Aurten gauzak zelan egiten diren gertutik ikasi beharko dutela komentatu dute batzuek, gero, hurrengo urteetan, eurek egiteko eta… bai, badugu esperantza”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!