Adei, prest zaude Udan Olgetan udalekuetarako?
Adei Real de Asua: Bai, prest nago. Aurreko urteetan ere joan naizenez, ezagutzen ditut udalekuak. Gelako beste lagun batzuk ere joaten dira, eta bertan lagun berriak ere egiten dira.
Zer da orain arte gehien gustatu zaizuna?
A.R.A.: Marrazkiak egitea asko gustatzen zait. Iaz, esaterako, Donostiako Aquariumera joan ginen, eta oso ondo pasatu nuen. Bertan marrazoak ikustea izan da gehien gustatu zaidana. Beste egun batean, olibadun pizza ere egin genuen, eta oso dibertigarria izan zen.
Udan Olgetan udalekuetako zure azken urtea izango da hau, Arrate. Mendigorriara ere bazoaz.
Arrate Barbarias: Bai, Udan Olgetaneko azken urtea izateak pena apur bat ematen dit. Izan ere, oso ondo pasatzen dugu.
Zein da gehien gustatzen zaizun ekintza?
A.B.: Ur jolasak, zalantzarik barik. Xaboiagaz eta uragaz bustitako plastiko bat jartzen dute, eta oso ondo pasatzen dugu. Uretan gominolak topatzea ere oso dibertigarria izaten da. Irteerarik gustukoena Aquariumekoa izan da. Adeigaz ados nago, bai.
Aurten, Mendigorriara joango zara. Irrikitan zaude? Urduri?
A.B.: Bai, ikastolatik ere joaten gara kanpora lo egitera. Gainera, iaz ere joan nintzen. 11 egun diren arren, labur egiten da. Lagun asko joan ginen, eta han ere lagun gehiago egin genituen. Zikin Egunera jolasten gara, eta mangerarekin ere ur-jolasak egiten ditugu.
Lore, zu udaleku ibiltarietara joango zara. Kilometro batzuk oinez egiteko prest al zaude?
Lore Otaolea: Bai. Gainera, geuk prestazten dugu irteera. Puntu batetik irten, eta ibilbide guztia oinez egiten dugu. Nafarroatik abiatu, eta Gipuzkoaraino joango gara. Egun batean, gehienez, sei ordu ibiltzen gara. Batzuetan, ordu erdi ere bai. Gaua gaztetxeetan, eskoletan zein frontoietan pasatzen dugu.
Joateko irrikaz zaude?
L. O.: Bai, iaz bikain pasatu genuen, beraz, aurten ere joateko gogotsu gaude. Ez nuke gauza zehatz bat esango. Dena da polita. Iaz eguraldi ona egin zigun, eta ea aurten ere eguraldia lagun dugun.
Parte-hartzaile izatetik begirale izatera pasatu zara, Garazi.
Garazi Ojanguren: Aurten begirale ikastaroa egin dut, eta Mendigorriara joango naiz praktikak egitera. Arrategaz egongo naiz, beraz.
Aurten prestaketetan parte hartzea egokitu zaizu.
G.O.: Urte osoan zehar ikastaroa egin dudanez, prestaketa batzuk eginda daude. Gainera, aurreko urteetatik programazio zati handi bat prest dago.
Joateko gogoz zaude?
G.O.: Bai. Gogoratzen dut uztaila heltzeko irrikitan egon naizela beti. Gure sasoian, Mendigorriara beharrean, Gorozikara eta Zugastietara joaten ginen. Eta ibiltarian ere oso ondo pasatu dugu, Euskal Herri osotik.
Zein izan da gehien bete zaituen esperientzia?
G.O.: Gipuzkoako kostaldetik egin genuen ibiltaria azpimarratuko nuke.