Kostaldeko herriak eta hondartzak ezagutuko dituzte aurten oinezko AEK Ibiltarian

Anboto 2016ko eka. 14a, 09:00

AEK Barnetegi Ibiltaria nobedade askogaz dator aurten. Bai oinezkoan bai bizikletazkoan, ibilbideak erabat berritu dituzte. Aurtengoak ere ez dira nolanahikoak izango gogortasunari dagokionez, baina orain artekoak baino eramangarriagoak dira, eta, zelanbait, tentagarriagoak. Oro har, mendiak kostaldeagatik aldatu dituzte, eta itsasoak eskaintzen dituen askotariko aukerak aprobetxatzeko prest daude.

Orain arte, ibilbide antzerakoak izan dituzte urtero: menditsuak, GR 12a ardatz hartuta: “Anboto, Gorbea, Aizkorri… batzuk beldurtu egiten ziren ibilbidea karteletan ikusterakoan. Aurten, hori dena zelanbait aldatzea erabaki dugu”, dio Asier Arroita AEK-ko kideak.

Oinezko ibilbidean, Euskal Herria mendebaltik ekialdera zeharkatuko dute, kostaldetik. Uztailaren 16an Muskizen hasi, eta 31n amaituko da, Lapurdiko Kanbon. Itsasoko kresala bidelagun, 20-25 kilometro egingo dituzte egunero, eta Euskal Herriko hondartza eta kala asko ezagutzeko eta euretan bainuak hartzeko aukera izango dute.

Ohi baino herri gehiago ezagutuko dituzte. Orain arte, mendietako aterpetxeetatik herrira noizerik noizera jaisten ziren; aurten, ibilaldiko egun denetan kostaldean hartuko dute ostatu. Udan herrietan izaten den jai-giroa ere aprobetxatu eta bizi gura dute. Horrela, hainbat herritako jaiak ezagutuko dituzte.

Aurten atseden egun bat izango dutela da oinezko ibilbideak dakarren beste nobedadeetako bat. Uztailaren 23an izango da, Lekeition. Bizkaiko kostaldeko herri honetan emango duten eguna batelean ibiltzeko aprobetxatuko dute, besteak beste.

Uztailaren 28an Pasaia eta Hondarribia lotuko dituen etapa ez dute atseden egun moduan sailkatu, baina horixe balitz lez hartuko dute: herri batetik besterako biderik gehiena (15 bat kilometro) itsasontziz egiteko asmoa dute.

Oinezko barnetegi ibiltarian izena emateko azken eguna  uztailaren 6a izango da: ibiltaria@aek.org. Ibilaldiak  530 euro balio du, eta horren barruan ostatuak, jatorduak eta furgoneta laguntzailea (traste denak eramateko) sartzen dira.

Bizikletako ibilbidea
Oinezko barnetegi ibiltaria amaitzeagaz batera, bizikletazkoa hasiko da. Aurtengo ibilbideak Deba eta Etxarri Aranaz lotuko ditu, uztailaren 30etik abuztuaren 14ra. Batez beste, 65 kilometro egingo dituzte egunero. Bizikletako ibilbidea ere berria izango da aurten: Urdaibaiko biosfera, Bizkaiko Zubia (Portugalete), Oliteko Gaztelua, Matxitxako lurmuturra, San Juan Gaztelugatxekoa, Urbasa, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Omako basoa eta Erronkariko haranak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste. Hiru-lau etapa kostaldetik gertu egingo dituzte.

Otxandiotik ere igaroko da. Abuztuaren 2ko gaua bertan emango dute, eta hurrengo egunean Ataunerantz abiatuko dira.

Barnetegi honek ere 530 euro balio du, eta oinezkoaren helbide elektroniko bera erabili daiteke izen-ematea egiteko.

Barnetegietan ez da euskara klaserik egongo, baina hizkuntzarekin lotutako hainbat ekintza egingo dituzte. Esaterako, tokian tokiko hiztunekin hartuemanetan jarriko dira, euskalki desberdinak ezagutzeko eta askotariko jardueretan parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!