Eskolako Agenda 21eko ikasleek mugikortasun jasangarria landu dute ikasturte honetan

Anboto 2016ko eka. 6a, 12:00
Elorrio, ikasle bi teknikariagaz behaketa lana egiten.

Eskolako Agenda 21eko kide diren zentroek mugikortasun jasangarriaren gaia landu dute ikasturte honetan. Ikasleek gaia landu ostean, udaletako ordezkariekin harremanetan jarri dira, erabakiak hartzeko eskumena duten foroetara proposamenak helarazteko.

Mugikortasun jasangarriak klima aldaketa ekiditeko duen garrantzian sakondu dute ikasleek. Ismene Mandaluniz Eskolako Agenda 21eko teknikariak azaldu duenez, ikasturte honetan prebentzioan oinarritutako mugikortasun autonomoa eta arduratsua bultzatu gura izan dute. “Helburua argi daukagu: Zero biktima!”.

Eskolako Agenda 21eko ekintzak antolatzeko, Stop Accidenteseko teknikariek ikastetxeetako ikasleekin bat egin dute mugikortasun arazoak definitzeko eta hauei irtenbideak bilatzeko. Ikasleen egunerokotasunetik gertu dauden egoerak landu dituzte diagnostikoa eta ebaluazioa egiteko. Horrela, saio teorikoa planteatu dute ikastetxearen sarrera eta irteera orduetan sortzen diren mugikortasun arazoak aztertzeko. Teknikarien laguntzagaz mugikortasun seguruari buruzko hainbat kontzeptu landu dituzte: erantzukizuna, autonomia, errespetua, kontzientzia, elkarbizitza eta zuhurtzia, besteak beste. Ondoren, kalera atera eta ebaluazioa egin dute.

Eskolen arteko foroak
Eskolen arteko foroetan, ikastetxeen proposamenak adostu ostean, hiru garrantzitsuenak erabaki dira. Gero, udal bakoitzeko ordezkariak ikasleekin pleno aretoetan batu dira. Ikasturtean zehar egindako lana azaldu diete, eta herria hobetzeko dituzten galdera eta proposamenak egitea izan da helburua.

Iazko erantzunak
Udaletan sortutako eztabaida baliatu dute iazko foroan landutako Gutxitu, Berrerabili, Birziklatu gaiari buruz udaletan egindako proposamenen erantzuna jasotzeko. Udal arduradunek gai horren inguruan emandako pausoak azaldu dizkiete. 2015-2016 ikasturtean Abadiñon, Elorrion eta Zaldibarren hondakin organikoen gaikako bilketa zabaldu dela aprobetxatu dute ikasleekin hondakin organikoen bilketa berezituaren inguruan tailerrak egiteko. Gero, udaletan hainbat proposamen planteatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!