Izurtza eta Mañarirako autobus zerbitzua osatu du Bizkaibusek

Anboto 2016ko mai. 30a, 09:11

Pasadan astelehenetik, Durangora lotzen dituen garraio zerbitzu osoagoa dute izurtzarrek eta mañariarrek. Bizkaibusek herri bi horietarako zerbitzua hobetu du. Joan-etorri kopurua berdin mantenduko dute, horretan ez dago aldaketarik. Moldaketa honako hau da: orain arte ez moduan, ibilbideko geraleku denetan igo zein jaitsi ahalko da autobusetik.

Orain arte, Bizkaibusek autobus zerbitzu arraro samarra zeukan Mañarira eta Izurtzara. Linea horietako eskumena zen arrazoia. Arabako Foru Aldundiarena da eskumena, eta orain arte ez zuen geraleku horietarako baimenik ematen.

Astegunetan hiru autobus joaten dira Mañarira: Bilbotik 15:30ean, 18:30ean eta 19:30ean irteten direnak. Astelehenera arte, mañariarrek eta izurtzarrek Iurretan hartu behar zuten autobusa. Eta ibilbide osoko geralekuetan autobusetik jaitsi zitekeen, baina igo ez. Autobuseko atzeko atea bakarrik irekitzen zuten. Aurrerantzean, geltoki denetan igo zein jaitsi ahalko da. Horrela, esaterako, ez dago Iurretaraino joan beharrik autobusa hartzeko: Madalenan, Olleria kalean zein Tabiran hartu daiteke; baita Izurtzan ere Mañarira joan ahal izateko.

Mañaritik Durangorainoko zerbitzuan ere berdina gertatzen da. Hiru autobus daude: 06:40, 07:40 eta 14:40. Ibilbideko geraleku denetan igo zein jaitsi daiteke autobusetik.

Beraz, aipatutako moldaketek hainbat onura ekarri dizkiete ibilbide horretako erabiltzaileei. Alde batetik, Mañaria eta Izurtza lotuago daude: noranzko bietan igo zein jaitsi daitezke erabiltzaileak herri bietara joateko. Era berean, Bizkaibusegaz Durangori lotuago daude.

Maiztasuna handitzea
Egunean hiru zerbitzu bakarrik direnez, maiztasuna handitzea eskatu du Durangoko EH Bilduk. Gainera, Larrasoloetan beste geraleku bat sortzea eskatu du. Auzo batzarretan jasotako proposamen horiek osoko bilkurara eramango ditu koalizioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!