Sukaldean ere euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko mai. 27a, 13:44

Ezagutzen duzue Pagotxa? Bada, jakin ezazue, lagunok, pagotxa dela! Sukaldaritza une honetan hain modan badago ere, denok ezin gara horretan trebeak izan; baina jan, guztiok egin behar dugu egunero, trebeok zein traketsok. Hortaz, hona hemen erraz prestatzeko moduko errezeta gozoak. 

Ea, zure errezetak partekatu nahi dituzu? Bada, erregistratu besterik ez duzu egin behar; behin alta emanda, zure erabiltzailearekin plataforman sartu, eta hasi ahal zara zure errezetak igotzen. Halaber, zelan ez, besteek sartutakoak ikusi eta erabiltzeko aukera ere baduzu. Hartu-eman polita, beraz, sortzen dena; hau bai, hau, elkarri laguntzea.

Zuetariko zenbat ari da pentsatzen hiztegia oztopo izan ahal dela egitasmoan? Bai, arrazoia! Baina egon trankil, hori ere ondo pentsatuta dago-eta! Ikusiko duzuenez, web gunean bertan Hiztegia topatuko dugu, eta horixe ere oso dinamikoa; hau da, horretan ere parte hartzeko aukera izango dugu. Demagun oharren bat egin edota hitzen bat gehitu nahi dugula; bada, inongo arazo barik helarazi ahal dugu.

Hara! Ahaztu barik! Zer den Hara!? Bloga! Sukaldaritza eta elikadurarekin lotutako gai interesgarriak jorratzen dituzte, gehien bat. Alegia, gauza bitxiak aurkituko ditugu, eta beti izango dugu zerbait berria ikasteko aukera.

Eta aurreko guzti-guztia, euskaraz! Hortaz, gaurtik aurrera, sukaldean ere euskaraz egin ahal dugu, hori ere baita euskaraz bizitzea!

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!