Durangaldeko garapenari buruz hausnarketa egiteko gonbita

Anboto 2016ko mai. 25a, 09:15
Aitor Lopez presidentea, erdian, Amankomunazgoko teknikariekin batera.

Amankomunazgoak lurralde garapenari buruz hausnartzeko jardunaldi bat antolatu du, eta eskualdeko eragile zein herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera.

Kanpoko eredu teoriko eta praktikoak entzunez, Durangaldeak sozioekonomikoki beharko lukeen antolaketaz gogoeta piztea da jardunaldiaren helburua. Ekainaren 7an izango da, Durangoko Plateruenean, Oinak lurrean lemapean. Izena eman gura dutenek 94 623 25 22 telefonora deitu dezakete.

Requejo eta Cuchí
Jardunaldira aditu garrantzitsuak etorriko direla azaldu zuen Aitor Lopez presidenteak eguaztenean burututako aurkezpenean. Nazioartean hirigintza arloan lan egin izan duten Juan Requejo eta Albert Cuchik berba egingo dute, besteak beste. Horrez gainera, Sakanako (Nafarroa) eta Urduñako garapen ereduak ezagutu ahalko dira; industriala lehena, eta lehen sektorekoa bigarrena.

Lurralde antolaketarako planak udaletan, Aldundian eta Jaurlaritzan zehazten dira, eta horien garapenerako baliagarri izan gura du Amankomunazgoak piztuko duen hausnarketak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!