Loraldia Festibala 2016

Erabiltzailearen aurpegia Zornotzako Barnetegia 2016ko api. 8a, 13:26

Udaberriarekin batera, Loraldi Festibala dator Bilbora aurten ere. Zer esan nahi duen horrek? Datozen bi astez Bizkaiko hiriburua kulturaz josiko dela.

Apirilaren 9tik hasita, 24ra arte luzatuko da festibalaren edizioa, eta guztira, 30 ikuskizun baino gehiago eskainiko digu hiriaren hainbat lekutan: aretoetan, antzokietan, museoetan, kafetegietan, liburu-dendetan… Euskal kulturaren erakusleiho honetan, besteak beste, musika, dantza, margolanak, umorea, poesia, zinema, antzerkia eta literatura egongo dira. Zer ez da egongo, bada, aurtengo honetan? Denetarik topatu ahalko dugu, benetan ere; denon gustua betetzeko beste aukera. Ekitaldi batzuk doakoak izango dira eta beste batzuetan, ordea, ordaindu egin beharko dugu; baina, sinetsi, berez balio duten baino gutxiago ordaindu, denak ere mailako ikuskizunak  dira-eta.

Orain arte esan dugun guztia egiaztatzeko, ez dago programazioa ikustea baino hoberik. Aitortu behar dugu, bide batez, hori ere ondo baino hobeto antolatu dutela Loraldi elkarteko lagunek. Oso modu intuitibo, dinamiko eta erakargarrian prestatu dute programa euren web orrian. Sartu eta kuxkuxeatu, baietz gurekin bat etorri.

Eta, jakina, zure gustuko  ekitaldia aukeratu eta bertan elkartuko gara, gu geu ere bagoaz-eta!

loraldia.eus

 

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!