AP-8 Peajerik Ez plataformak dioenez Pradales diputatua beraiekin batzartzea saihesten dabil

Anboto 2016ko api. 13a, 14:10

Argazkia: Lehior Elorriaga

AP-8 Peajerik Ez plataformako kideek prentsa oharrean azaldu dutenez, otsailaren 25ean batzartzeko eskaria bidali zioten Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Diputatu Imanol Pradalesi. “Gure asmoa autopista publikoko bidesariek eragiten duten ezinegonari buruz berba egitea zen, eta oraindik ez dugu diputatuaren erantzunik jaso”. AP-8 Peajerik Ez plataformak auto karabana antolatuko du apirilaren 30erako.

 

 

Plataformako kideek azaldu dutenez, eskaria babesten duten 15.000 sinadurak “nahikoa” izan beharko lirateke, Imanol Pradalesek “agendan leku bat egin” eta batzar baten AP-8ko bidesarien gaia lantzeko. Gaineratu dutenez, “Pradalesek duela hile dezente esan zuen berak zuzentzen duen departamendua bidesarien gaia aztertzen zebilela, baina oraindik ez du 2015ean autopista publikoaren kudeaketak izan zituen datu ekonomikoen berri eman”.

Plataformaren arabera, Pradales "ostrukaren moduan" eskutatzen ari da, herritarrei azaldu beharrik ez izateko ez dela gai beraien eskariei erantzuteko.

 

Auto karabana

AP-8 Peajerik Ez plataformak auto karabana antolatuko du apirilaren 30erako. Protesta horretara batzeko deia egin diete autopista dagoeneko "amortizatuta" dagoela eta bidesari bako Bizkaiko beste errepide azkarren "tratamendu bera" izan behar duela uste duten herritarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!