"Berriztik Debara joatea Durangora joatea baino merkeagoa da"

Anboto 2016ko api. 6a, 17:34

Durangoko tren geltokiaren argazkia

Berrizko eta Zaldibarko Euskotrenen erabiltzaileek hainbat kexa jarri dituzte  astelehenean aplikatzen hasi ziren tarifak direla eta. Izan ere, Berriz eta Zaldibar, orain arte, Durango eta Trañarekin batera tarifak zehazterako orduan zonalde berean zeuden. Tarifa berriekin ostera, Durangaldeko bi herri hauek Debarekin batera Gipuzkoako zonaldean sartu ditu Euskotrenek. Ondorioz, merkeagoa da Berriztik Debara joatea Trañara bidaiatzea baino.

Egoera honen aurrean Euskotrenen erabiltzaileek Trañara (Abadiño) eta Durangora joateko 1,95 ordainduko dute. Berriztik Debara doanak 1,70 euro ordainduko ditu. "Ez du zentzurik. Berriztik Debara joatea Durangora joatea baino merkeagoa da", azaldu du Euskotrenen kexa jarri duen erabiltzaile batek. "Durango da eskualdeko hiriburua eta askoz harreman handiagoa dugu herri horrekin Gipuzkoarekin baino".

Kontzentrazioak, bihar, Zaldibarren eta Berrizen

Igoerarik ez! lemagaz, kontzentraziorako deia zabaldu du, Zaldibarko EH Bilduk, apirilaren 8rako. Tren geltokian da hitzordua, 19:30ean. Bestalde, Berrizko EH Bilduk Zaldibarko EH Bilduren iniziatibarekin bat egin du. Hauek ere, herritarrei dei egin diete bihar 19:30etan Berrizko tren geltokian kontzentratzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!