Durangon diru iruzurra egiten dabil mutil bat, euskara amu lez erabilita

Anboto 2016ko api. 6a, 16:29

Durangoko neska bati iruzurra egin dio kalean mutil euskaldun batek. Iruritakoa (Nafarroa) dela eta dirurik barik dagoela esanda, laguntza eskatu dio, gero dirua bueltatzeko berba emanda. Beste herri batzuetan ere, Leioan adibidez, kasu bera gertatu da (Albistea Sustatun).

Atzo arratsaldean, 18:00ak inguruan, gertatu zen iruzurra. Neska durangarra Abadiño-Durango bidegorritik etxera bueltan zetorren, lana amaitu ostean, eta Ertzainen komisaldegi parean geratu zuen ustezko iruzurgileak. "Erdi negarrez ikusi nuen, urduri. Euskaraz ba ote nekien galdetu zidan, eta Iruritakoa zela esan zidan". Bere ustez, "euskaragaz konfiantza" eman gura zion, engainuan jausteko. Hemen praktikak egiten dabilela esan zion, eta dirua behar zuela etxera bueltatzeko. 23 euro eskatu zizkion, eta hurrengo egunean bueltatuko zizkiola, hitzordu bat ipinita. "20 euro eman nizkion, gainean neukana", esan du neskak.

Hasieran sinistu arren, gerora txarto pentsatzen hasi zen. "Gero, pentsatu nuen: 'Honek iruzur egin dit!'. Lagunekin komentatu zuen, eta konturatu ziren antzeko beste kasu batzuk ere egon direla azken egunetan.  Sare sozialetan salaketak zabaldu izan dituzte herritar batzuek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!