Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu eta 1.629 kilo haxix —10 miloi euroan baloratu dute— konfiskatu ditu ‘Parralazo’ deitu duten operazioan. 68, 53 eta 36 urte dituzte hiru atxilotuek eta horietako bat Durangon bizi zen. Beste biak Azkoitian (Gipuzkoa) eta Logroñon (Errixoa) atxilotu dituzte, Guardia Zibilak argitaratutako prentsa oharrak jasotzen duenez. Osasun publikoaren kontrako delitua eta elkarte kriminal bateko parte izatea egozten diete.
Zornotzako Inbisa industriguneko biltegi bat erabiltzen zuten gordeleku moduan eta ondoren handik banatzen zuten droga Espainia iparraldean, Guardia Zibilaren arabera. Malagan batzartzen ziren eta han izten zituzten tratuak. Ondoren, droga planeatzeko hegazkin baten bidez ekartzen zuten Marokotik Malagara. Malagatik Zornotzara arteko bidea kamioiz egiten zuten.
Kamiolari errioxarrak milaka kontserba pote eskuratu eta Malagara eraman zituela jakitean, droga Zornotzara bidaltzeko asmotan zebiltzala susmatu zuten. Inguruan zainketa dispositiboa ezarri ostean, ikertzaileek kamioia irteten ikusi zuten. Atzetik jarraitu eta Burgosen (Quintanapalla) geldiarazi zuten. Kamioia arakatu eta 50 fardo haxix aurkitu zituzten; guztira, 1.629 kilo. Segidan, Zornotzan eta Logroñon ere miaketak egin zituzten eta material informatikoa, askotariko dokumentazioa eta ibilgailu batzuk konfiskatu zituzten.
Delikuentzia antolatu eta drogen kontrako taldeko (EDOA) eta Errioxako Guardia Zibileko agenteek parte hartu dute operazioan, ekintza azkarreko taldearen (GAR) eta zerbitzu zinologikoko txakur espezializatuen laguntzagaz.
Zornotzako Inbisa industrigunean dago droga gordetzeko zerabilten biltegia. Nagusien erresidentziara doan bidearen eskumaldeko lateralean dauden biltegietako batean.
Argazkiak: www.guardiacivil.es