Sahararrei lagunduko diete Durangaldeko bost ikaslek

Anboto 2016ko mar. 18a, 13:30

Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren sahararrei laguntzeko proiektu bat dute esku artean EHUko 45 ikaslek, eta, tartean, Durangaldeko bost daude: Luisa Oleaga, Lara Aresti eta Naiara Marquez durangarrak; Leire Unzueta zornotzarra eta Jon Uriarte ermuarra. Abuztu amaieran hara joango dira, uholdeek kaltetutako etxeak konpontzera, adibidez.

Hile honetan, eguen eta zapatuetan, Goienkalean mahai bat ipiniko dute, dirua batu eta kontzientziazioa lantzeko. Maiatzaren 1ean jaialdi bat egingo dute.

Ikaskide saharar bat dute, eta bere bidez koordinatuko dute laguntza. Kanpamenduetara heltzean, eraikuntzan laguntzeko ikastaro bat jasoko dute.

Proiektu hau duela lau urte sortu zen, eta Uriartek parte hartu zuen: “Bi astez egon ginen Saharan, eta ez dut esperientzia hoberik eduki”. Aresti jakinaren gainean egon da, eta aurten animatu da: “Aukera edukita, ez dut birritan pentsatu”.  Marquez kanpamenduetan egondakoa da, eta bizimodu gogorrari indarrez eusten diotela dio: “Euren indarra nabarmenduko nuke, batez ere emakumeena”. Hara joatea, elkartasun pauso berri bat emateko beharra ikusi du Oleagak: “Urte luzez, etxera ekarri izan ditugu sahararrak, baina bizi duten gatazkaren aurrean, zerbait gehiago egiteko erantzukizuna sentitzen nuen”. 

Gogotsu igartzen zaie. “Beste errealitate bat ezagutzeko modu bat da, eta aberasgarria izango dela uste dut”, esan du Unzuetak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!