Durangaldeko 300 lagunek parte hartu dute Errigorako olioaren kanpainan

Anboto 2016ko mar. 14a, 10:31

Durangon auzolanean ibili direnetako batzuk, olioa heldu denean. (Arg.: @MarisaBarrena1)

Guztira, 928 bidoi olio banatu dira eskualdean, 4.640 litro hain zuzen ere. Otxandio, Iurreta, Zaldibar, Elorrio, Durango eta Zornotzan ibili dira olioa zabaltzen, auzolanean. Euskal Herri mailan, 5.000 etxetan jaso dute olioa, eta 75.000 litro banatu dituzte Errigorakoek.

Errigorako kideak oso pozik agertu dira emaitzagaz. Izan ere, iaz baino %65 handiagoa izan da parte-hartzea. "Urtez urte, kontsumitzaile-sarea egonkortzen ari da", adierazi dute arduradunek. Nafarroa hegoaldeko produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea da Errigorakoen asmoa, etekinagaz ekoizleei bultzada emateko eta euskalgintzari laguntzeko. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bidea auzolanean egiten dute.

Errigorako hurrengo zita maiatzaren 12tik 24ra bitartean izango da. Kasu horretan, kontserbak eskatu ahal izango dira, potxak, piperrak edota zainzuriak, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!