'Domeka Internazionalistak' berbaldi zikloa eskainiko du Askapenak

Anboto 2016ko mar. 8a, 11:00

Munduko hainbat txokotako errealitateen eta aurtengo Brigada Internazionalisten berri emateko antolatu du Domeka Internazionalistak berbaldi zikloa, Askapena erakundeak. Martxoan, apirilean, eta maiatzean, zazpi hitzordu izango dira eskualdeko hainbat herritan.

Martxoaren 13an, 19:00etan, izango da lehenengo berbaldia. Jatorrizko herriak —herri zapatistak eta maputxeak— hartuko dituzte, Durangoko Sapuetxe Gaztetxeko hitzordu horretan ahotan. Martxoaren 20an, bestalde, Zer gertatzen ari da Kurdistanen? hitzaldia izango da, Abadiñoko Gaztetxean, entzungai.

Lau berbaldi antolatu dituzte apirilerako; Saharako egoera izango dute berbagai, apirilaren 3an, Zaldibarren; Argentinako lantegi berreskuratuak, apirilaren 10ean, Atxondon; Herrialde Katalanen historia eta prozesua, apirilaren 17an, Durangoko Sorginola Gaztetxean; eta Sardiniako askapen sozial eta nazionala, apirilaren 24an, Zornotzan.

Maiatzaren 8ko hitzaldiagaz emango dute ekimena amaitutzat. Venezuela hartuko dute berbagai, Elorrioko Gaztetxean: Zertan da prozesu iraultzailea egun? izenburuko saioa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!