Zaldibarko udaletxeko plazatik aterako da martxa, 10:30ean, eta Berrizen, Elorrion, Atxondon, Abadiñon, eta Iurretan geldialdiak eta kontzentrazioak burutu ostean, Durangora 13:30ean ailegatzea aurreikusi dute. Ibilbidea amaitzean, Santa Ana plazan elkartuko dira, luntxerako, martxaren parte hartzaileak.
Laugarren bizikleta martxaren harira, gauerako ere egitaraua prestatu dute, gainera, aurten. Elorrioko Gaztetxean izango da hitzordua: emakumeek egindako rap kontzertua izango da, entzungai, 22:00etatik aurrera. La Basu eta Aneguria hip hoplarien eskutik.
Durangaldeko jendarte osoari egin diote gonbidapena, goizean eskualdeko herrietan egingo dituzten elkarretaratzeetan, zein gaueko “parranda feministan” parte hartzeko.
Herentziari uko
“Sistema patriarkal kapitalista honek esparru pribatura kondenatu izan gaitu, historikoki, emakume bezala gizarteratuak izan garenok”, diote martxaren antolatzaileek: “Ez gara plazetan egon, ezta erabaki guneetan edo eszenatokietan ere”. Horregatik da emakumeei bakarrik zuzenduriko ekimena, martxoaren 5eko bizikleta martxa.
Espazio publikoa okupatzeko deia egiteko helburuagaz sortu zuten eskualdeko hainbat herritako feministek, Frenorik Ez Plataforma, duela lau urte. Emakumeek herentzian jasotako diskriminazioen kontra borrokatzeko baliatu gura dute antolatzaileek, martxoaren 8ko emakumearen nazioarteko egunaren bueltan, emakumeentzat, antolatzen duten ekimen hau.