A-8ko bidesariaren auzia

A-8ko bidesariaren kontrako plataformak diputatuagaz batzartu gura du

Anboto 2016ko ots. 19a, 10:00

Joan zen zapatuan plataformako kideek sinadurak biltzeko postua ipini zuten Durangoko Andra Marian.

A-8 autobideko bidesariaren aurkako plataformakoek Imanol Pradales foru diputatuagaz batzartu gura dute, euren arrazoiak azaltzeko asmoz. Dagoeneko 12.600 sinaduratik gora batu dituzte, Interneten eta kalean, eta asteburuan Elorrion eta Zornotzan izango dira sinadurak batzen.

Plataformako kideek azaldu dutenez, hainbat ideia dauzkate esku artean, eta Pradalesekin batzartzeko eskaera egitea da horietako bat. Bestalde, Durangaldeko eta Lea Artibaiko udaletan mozioa aurkezten jarraituko dute, orain arte Durangon, Abadiñon eta Mañarian egin lez.  Bestalde, aldebiko batzarrak burutu nahi dituzte elkarte, alderdi politiko, sindikatu eta txirrindulari zein moto gidarien elkarteekin. Epe laburrean, auto-ilara bat antolatzea ere badute buruan A-8ko bidesaria kentzea aldarrikatzeko.

Asteburuan, sinadurak
Horrez gainera, asteburu honetan sinadurak batzen jarraituko dute. Bihar, zapatua, Elorrion ipiniko dute mahaia 10:00etatik 14:00 ingurura, udaletxeko etartean. Domeka goizean, ostera, Zornotzan egongo da sinatzeko aukera.

Kartelak etxeetan
Plataformako kideek azaldu dutenez, change.org-en bidesari honen kontra egin duten sinatzaileei e-posta baten bidez A-8 Peajerik ez dioen artxiboa bidaliko diete, sinatzaileek kartela inprimatu eta beraien ibilgailuetan jartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!