Elizak bereganatutako ondasunak: bidezko erregistroa ala pekatua?

Anboto 2016ko ots. 19a, 09:00

Iurretan, San Andres auzoko ermita.

Eliza katolikoak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 525 ondasun bereganatu edo inmatrikulatu ditu 1978tik hona, Jabetzaren Erregistroak emandako datuen arabera. Hau da, ez zeuden inoren izenean, eta elizak bere jabetzan erregistratu ditu. Lege babesa eduki du horretarako, eta prozeduraren zergetatik salbu ere egon da. Inmatrikulatutako ondasunetako batzuk Durangaldekoak dira: Elorrioko lursail bi San Agustinen eta Argiñetan; Atxondoko eliza eta abadetxea; eta Iurretako San Andres auzoko lursail bat, ermita eta txokoa. Azken astetan, elizaren ondasun horien inguruko ika-mika zabaldu da hedabideetan. Erregistroa bidezkoa izan da, ala pekatua?

San Andres auzoko txoko edo elkarte gastronomikoarena da erregistro bitxietako bat. Ermitaren alboan eraiki zuten auzotarrek, 1990 bueltan, eta geroztik bazkari zein karta-jokoen bilgune izan da; eurek ordaindu dituzte gastuak. Elizak 1993an inmatrikulatu zuen. Auzokide batek esan du auzoan ez zekitela ezer, eta “harrituta eta haserre” daudela enteratu direnean.

Parrokiaren esku
Txokoaren kasuan, gotzaindegiak esan du Durangoko Santa Anako parrokiaren esku dagoela zer erabilera eman erabakitzea. Gaia orokorrean hartuta, bere jabetzak lehenagokoak direla defendatu du: “Bizkaiko Elizak ez du bereganatu berea ez den ezer; jabe zen ondasun batzuk bere izenean inskribatu baino ez ditu egin”. Bestalde, Oiz mendian ere lursail bat inmatrikulatu zuela zabaldu da, baina Elizbarrutiak ukatu egin du hori; 1977an erosi ostean erregistratu zutela azaldu du.

EH Bilduren mozioak
2009an, Nafarroan 1.000 inmatrikulaziotik gora egin zirela argitaratu zen. Hari horri tiraka, EH Bilduk argitaratu du hiru probintzietako gaia, Eusko Legebiltzarrean landutako ekimen bategaz. Hurrengo pausoa, herrietan mozioak aurkeztea izango da, eta Legebiltzarrean ere proposamen bat aurkeztuko dute, Igor Lopez de Munain parlamentariak azaldu duenez: “Azpikeria honen ondorioz, komunitateak galdutako ondasunak berreskuratzea da helburua”.

Baina, EH Bilduren ekimena ez da hor geratzen. 1978 aurretik egondako erregistroen inguruko informazioa eskatu du. “Uste dugu ondare hori publikoa dela, eta beti izan dela. Herriak ondare hori eraikitzeko eta zaintzeko ardura hartu badu, herriarena dela uste izan duelako da”.

Gizartea guztiz katolikoa zen garaian, udalek eta auzotarrek eraiki zituzten eraikin ugari. Batzuk elizari eman zizkioten, beste batzuk gero inmatrikulatu ditu elizak. Iurretako Abadetxea, adibidez, 1732 eta 1736 artean altxatu zuen udalak, eta XIX. mende amaieran, elizak erregistratu zuen udalaren baimenagaz, Jon Irazabal historialariak kontatu duenez. 2006an su hartu aurretik, herriko hainbat kultur eragilek erabaili izan zuten, abadeagaz batera.

Abadetxearen antzera, ermita gehienak auzo bizitzan erabili izan dira. Argiñetakoa, esaterako. Orain konponketen beharra du, baina badirudi, elizak barik Aldundiak ipiniko duela dirua, nekropoliaren balioagatik.

 

Jose Agustin Maiz: "Gure ondasunak behartsuen alde erabili beharko genituzke"

Durangoko Andra Mariko parrokoa da Maiz (Ondarroa, 1963), eta Bizkaiko Gotzain Kontseiluan parte hartzen du, lurraldeko bikario lez. Eliza ondo ezagutzen du, beraz.

Zer sentsazio eduki duzu inmatrikulazioen gaia kaleratzean?
Bada, gauzak ondo egin behar direla. Elizak, batzuetan, ez ditu gauzak ondo egin; uste dut Nafarroako inmatrikulazioen gaia ez zela ondo eraman, eta horrek kalte handia egin digu. Nire iritzi pertsonala da. Bestalde, batzuek ez dute ulertu edo ez dute ulertu gura inmatrikulazioen gaia. Normalean, zuk ezin duzu erregistrora joan eta zurea dela esan, ez baldin bada zurea. Eliza oso jomuga erraza da erasotzeko, eta esan daiteke, alderdi politiko batzuek nora jo ez dutenean, elizaren aurka jotzen dutela. Eliza modura zein alderdi politiko modura, herriaren aurrean erantzukizuna dugu, eta ezin dugu nahastu.

Eztabaida pil-pilean dago.
Nire ustez, gotzaindegian ez dago inongo arazorik inogaz berba egiteko. Ondasun batzuen inguruan sortzen den eztabaida ez da argia; batzuk elizarenak dira, baina herriak erabiltzen ditu. Noraino izan beharko litzateke elizarena? Herriak noraino ez du lagundu behar? Adibidez, guk organoak dauzkagu, eta ospakizun liturgikoetatik aparte, kulturaletarako ere erabiltzen dira. Beraz, herria ere aberastu egiten da. Kasu horretan, nork ordaindu beharko lituzke konponketak? Normalean, elizak ordaintzen ditu. Gure komunitateak ez dira aberatsak, eta elizak dirua daukala mito bat da. Gure kontuak argi daude, gainera.

Bestalde, eraikin batzuk funtzio sozialerako erabiltzen dituzue.
Gure ondasunak behartsuen alde erabili beharko genituzke. Zorionez, Durangon, gauza batzuk egiten gabiltza. Hiru pisu dauzkagu etxebakoentzat, eta euren esku gauza gehiago jarri nahi genuke. Jesusen Mirabeen komentua ere Caritasek erabiltzen du etxebakoen aterperako. Baina horiek sekula ere ez dira nahikoa izaten.

Etxepel aterpetxearen aurkezpenean hauxe esan zenuen: “Gizarte honek ez gaitu konbentzitzen. Justizian oinarritutako gizarte bat nahi dugu”.
Ez gaitu konbentzitzen, ez. Elkarrizketaren aurretik entzun duzun telefono deia, gure pisuetako batean neska bat sartuko dela abisatzeko zen. Atzo kalean geratu zen, ordaintzen ez zuela-eta etxetik bota dutelako. Egiten duguna ez da sekula nahikoa izaten, eta gehiago ahalegindu beharko ginateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!