Arrierrekako olen balioaz: "Industria jarduera sostengatzeko, berebiziko garrantzia zuen Arrierrekak"

Anboto 2016ko urt. 29a, 11:46

Olabarri zentral zaharra, Arrierreka alboan.

Oiz menditik behera eta Berrizko lurretan zehar dator Arrierreka: uraren indarrak emandako energia iturri handia. Bere ur kopuruari eta desnibelari  esker, XX. mendean energia lortzeko gune garrantzitsua izan zen. Hamar zentral hidroelektriko eraiki ziren bertan, eta errota edota burdinolak ere ugari zeuden. Adibidez, Arratiako tranbiarako energia ateratzen zuten handik, eta baita Berriz, Garai eta Durangorako argia ere. Durangoko Udalak lau zentral erosi zituen: Patala, Errotatxu, Olazar eta Olabarri. Horrela, Durangoko farolak Arrierrekari esker isiotzen ziren, besteak beste. Gaur egun, Patala da martxan dagoen bakarra.


Eztabaidarako bide
Durangoko Udalak Olabarriko zentrala zena salduko du, 11.000 eurotan. Aspalditik dago erabili barik, eta, teknikarien esanetan, hondamen egoeran dago makinetxea. EH Bilduk osoko bilkurara eraman zuen gaia. Dani Maeztuk, “herritarren ondarea den eraikin bat gainerako taldeekin komentatu barik saltzea” salatu, eta “errespetu falta” ikusten du. Olabarrin argindarra era berriztagarrian ekoizteko aukerak aztertzea nahiko luke koalizioak. Horregatik, salmenta geratzea eskatu zuen mozioan, baita, orokorrean, Durangon energia berriztagarria ekoizteko aukerak aztertzea eta foro iraunkor bat sortzea ere.

Salmenta, aurrera
Puntuka bozkatu zuten mozioa. Salmenta ez da geratu, Herriaren Eskubideak babestu zuelako soilik; foroa sortzea onartu zen, ordea, PP soilik abstenituta. Bestalde, Mauricio Garcíak (PSE-EE), Amankomunazgoari eskualdeko ur-jauzien inguruko azterketa bat egitea eskatzea proposatu zuen, eta EAJk babestu egin zuen ideia.

JON ANDER RAMOS - historialaria

Arrierrekaren inguruan, bi kilometroko ibilbidean bere sasoian, 10 zentral hidroelektrikok jardun zuten martxan. Arrierrekaren inguruko olek eta errotek zein eragin izan zuten Berrizen eta Durangaldean?
Zalantzarik barik, bere eragina izan du Berrizko historian, eta horrela jaso berri dute, orain dela gutxi, bideo batean. Inguru honetako istorioak entzunda, ez da zaila imajinatzea zer nolako aktibitatea izan zen erreka honen bazterretan, XX. mendean zehar. Baina, ur hauen eragina ez zen Berrizera mugatu, Durangaldeko industriaren hazkundean ere garrantzia izan zuen. Industria jarduera sostengatzeko, berebiziko garrantzia hartzen zuen hornitzaile honek, Urzulo eta Arlaban ubideen urak batzen zituen Arrierrekak, alegia.

Olabarri ola 11.000 eurotan salduko du Durangoko Udalak. Ola honek zein balio historiko du?
Balio historiko garrantzitsua, dudarik barik. Ondoan kontserbatzen den Olabarria etxearen historiarekin lotura estua du, 1704. urteko fogerazioetan agertzen baitira eraikin bi horiek. Egun, arrastoak baino ez badira ere (presa, kanala, andapara, eta horma zati batzuk), Arrierrekaren historiaren zati bat dira, horrela ulertu behar dugu.

Arrierrekako zentral hidroelektrikoak zein herri hornitzen zituen?
Ezaguna da Berrizko energia indarrarekin Durangoko farolak argiztatzen zirela, baina, horretaz aparte, Durangaldeko hamaika enpresa baliatu dira erreka honek sortutako indarraz. Horren adibide dugu “Hijos de Mendizabal” enpresa. Errotatxu zentraletik ateratako argindarra 3.415 metroko egurrezko zutabeen bidez bideratu zuten enpresa horretaraino.

Arrierrekaren inguruko zentralak zein egoeratan daude gaur egun?
Kasu gehienetan, nahiko eskas kontserbatzen dira. Egun, Patala edo Zentrala moduan ezagutzen den makinetxea dago bakarrik martxan. Beste batzuk garai berrietara egokitu dira, eraikinak berriztu arren, agerian gelditzen dira euren iraganaren aztarnak. Eta, tamalez, sasi artean ere, ezkutuan mantentzen dira beste zenbaiten hormak. Agian, instituzioek inguru honek behar duen errekonozimendua noiz emango duten zain.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!