Elorrioko Gaztetxeko Julen Letonak kontatu du nondik datorren biharko jaialdia. Durangaldeko gaztetxe eta gazte asanbladak koordinadoran batzen hasi ziren, duela hilabete batzuk, elkartzeko beharra ikusi eta gero. “Gaztetxe baten oinarriak” jendeari zabaltzeko ideiagaz hasi, eta Durangaldea Autogestiorantz topaketa sortu zuten. Baina, filosofia hori lantzen duten beste talde batzuk ere gehitu dira, Durangoko Sorginola gaztetxeko Martin Loizatek dioenez. “Autogestioaren aurpegi agerikoena gaztetxeena da, baina bere osotasunean lantzea gura genuen. Horrela, beste eragile batzuk gonbidatzea pentsatu genuen”. Aittu eta Azkoina komunikabideak, Abadiñoko ortu sozialak, Atxondoko Barraskilore etxe okupatuak, Durangoko Sapuetxe, Zornotzako Ziztada zentroa, eta Elorrioko Txoko Feminista dira parte hartuko duten talde edo proiektuak.
Gaztetxeak, berpizten?
Durangaldean, gaztetxeen mugimenduak 90eko hamarkadaren amaieran egin zuen eztanda. Azken urtetan, mugimendua apaltzen joan dela esan daiteke, baina berriro berpizten al dabil? Baietz uste du Letonak, eta baita Gallastegik ere: “Abadiñon, urte batzuetan nahiko geldi egon gara, eta barne prozesu bat egin dugu. Orain, ikusten da loratzen dabilela”. Loraldiaren antzerako adibidea izan liteke Durangoko Sorginola, ekainean hainbat gaztek Tabiran okupatutako eraikina. Loizate: “Konponketak aurrera doaz, eta eraikinari bizi apur bat eman diogula esango nuke”. Elorrion ere indarberritzeko asmotan dabiltza, martxoaren 19ko urtemuga jaialdia hausnarketarako aitzakia lez erabilita. “Parte hartzeko gonbidapena egin diegu eragile eta koadrilei. Herriak gaztetxearekiko daukan ikuspuntua ezagutu gura genuen”.
Alternatibak erakusten
Biharko topaketetan, martxan dauden alternatibak erakustea izango da helburuetako bat. Gainera, tailer eta eztabaida ugari egongo da. Adibidez, Oihane Alakanok bideogintzaren inguruko saio bat eskainiko du Aittu hedabideko kideekin batera. “Durangaldean bizirik dauden gazte proiektuei ahotsa emateko sortu genuen Aittu”.
Gallastegi Abadiñoko ortu sozialetan lanean dabil. Gaztetxean dute ortua, eta laster ikastaroak ematen hasiko dira. San Blas jaietan presente egongo dira.