A-8ko bidesarien igoeraren eta azken aldian gai honek eragindako oihartzunaren — bidesaria kentzea eskatzen duen plataformaren sorrera, tartean— aurrean, Durangaldeko EAJk kontu honekiko duen jarrera jakinarazteko prentsaurrekoa eskaini du: “Komenigarria da gai honetan ahalik eta argienak izatea”, adierazi du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak.
Eskualdeko erabiltzaileentzat “irtenbiderik egokiena” aurkitzeko pausuak eman ditzala eskatu diote Aldundiari. Bide horretan, Durangaldeko EAJren ustez, eskualdeko “erabiltzaileei suposatzen dien gastua arintzea” da irtenbidea. Baina ez dute proposamen zehatzik aurkeztu. Zeregin hori Aldundiari dagokiola azaldu dute. Oraintsu sortutako plataformak bidesariak kentzea eskatzen du: “Gure planteamendua ez da doakotasunaren alde egitea, baizik, modu orekatu batean, bidesariek eragindako kostu ekonomikoa ahalik txikiena izan dadin alternatibarik egokiena bilatu dadila eskatzea”.
Euren eskaerak mozio batean jaso dituzte eta mozio hori Durangaldeko herrietako —Ermua barne— udalbatzarretan aurkeztuko dute. Hiru eskaera ditu mozioak. Lehenengoan bidesariek eskualdeko ohiko erabiltzaileei suposatzen dien gastuagatik “kezkatuta” daudela adierazten dute. Bigarrenean gastua arintzeko “neurriak hartzeko” eskatzen diote Aldundiari, “dela hobariak aplikatuta, bide alternatiboak hobetuta edo bestelako proposamenak bideratuta”. Azken puntuak, egoera konpontzeko alternatibek ekonomian eta trafikoan eragin ditzaketen ondorioak “ahalik arinen” aztertzeko eskatzen du.
Gaurko prentsaurrekoak Durangaldeko EAJko 9 ordezkari batu ditu. Aitziber Irigoras (Durango), Igor Agirre (Mallabia) eta Orland Isoird (Berriz) alkateak eta Joseba Mugika (Elorrio), Jol Gisasola (Ermua), Eneko Etxebarria (Abadiño) Oskar Zarrabeitia (Izurtza), Julen Uribelarrea (Mañaria) eta Erramun Osa (Garai) zerrendaburuak.
Ermuan EAJ eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu dute mozioa eta Durangon ere alderdi biek elkarrekin aurkeztuko dute biharko udalbatzarrean. Mallabian EAJk aurkeztuko du eta Garain Herriko Taldeagaz ekimen bateratu moduan eraman gura dute gaia aurrera.