Anboto.org webguneko bisita kopurua % 60 hazi da urtebetean

Anboto 2016ko urt. 22a, 09:45

Mugikorreko bisita kopurua asko hazi da urtebetean.

ANBOTOren webguneak emaitza arrakastatsuak eduki ditu 2015ean. Izan ere, 2014agaz konparatuta, %60 hazi da irakurleen bisita kopurua. Proiektuak Durangaldean dituen harrera eta eragina erakusten dute datuok. Pausoz pauso, ANBOTOren erreferentzia handitzen dabil Interneten. Horrela, gero eta gehiago dira eskualdeko informazioa egunero euskaraz irakurtzen dutenak.


%40, telefonotik
Amaia Ugalde kazetaria da webgunearen arduraduna, eta audientzia igoera horretan hainbat faktorek lagundu dutela dio. Informazioa jasotzeko ohiturak aldatzen doaz, Ugalderen arabera: “Gero eta garrantzi handiagoa dute sare sozialek eta telefono mugikorrak. Sareetan egiten dugun ahaleginak eta webgunearen diseinu egokituak erabiltzaileen bisitak indartzeko balio izan dute”. Gaur egun, bisitarien %35 sare sozialetatik dator, eta mugikorren erabilera ere handitu da: “Hazkunde handia nabaritu dugu: bisitarien %40 mugikorretik sartu dira 2015ean, eta 2014an %25,52k erabiltzen zuten bide hori”.

Sare sozialei dagokienez, Facebook eta Twitter gehituta, 1.200 lagun gehiago batu dira urtebetean.
Bestalde, 2014an Zornotzako albisteak jarraitzen hasi izana era bada gora egitearen kausa garrantzitsuetako bat.

Momentu honetan, Tokikom tokiko hedabideen elkartearen plataforma digitalean dago anboto.org, beste 11 atarigaz batera.

Paperekoa, irakurriena
Bestalde, papereko ANBOTOren irakurleak ere goraka doaz. 2015ean Durangoko Udalak egindako inkestaren arabera, komunikabide irakurriena da; inkestatuen %41ek aukeratzen dute euskara hutsezko astekaria bertako gertakariez informatzeko. Uneotan, 11.500 aleko tirada dauka. Euskal Herrian, Jaurlaritzak eginiko azterketaren arabera, tokiko hedabideen irismenari dagokionez, hirugarren lekuan dago Durangaldekoa, Goiena eta Ttipi-Ttaparen atzetik. Gainera, Anboto Lagunen taldea handitzen dabil; proiektua babestearen truke, hainbat opari jasotzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!