Merkealdiaz, Dendak Bai: "Eguraldiak neguko salmentak inoiz baino gehiago baldintzatu ditu"

Anboto 2016ko urt. 19a, 09:00

Beherapenen sasoian bete-betean sartuta, Durangaldeko Dendak Bai elkarteak lehenengo egun hauetan ondo saltzen ari direla azaldu du. Eguraldiaren eraginez, denboraldi “arraroa” izan dela aitortu dute Javi Arrieta Sylke dendako jabeak eta Miren Garrastazu Dendak Bai elkarteko teknikariak.

Zelan joan da beherapenen lehenengo astea?
Javi Arrieta: Lehenengo egunetan, bezeroen harrera ona izan da, urtero legez. Lehenengo hiru edo lau egunak potenteak izaten dira. Itxaroten duguna da, aurten, beherapenak luzeagoak izatea. Izan ere, ia ez du negurik egin, beraz, arropa lodia, txaketak... asko gelditzen zaizkigu. Beraz, negu-neguko produktuak beherapen handiekin datoz.

Beherapenen aurretik, neguko denboraldia zelan joan da?
J.A.: Eguraldiak eragin handia izaten du. Arropan eta oinetakoetan, batez ere. Negu arraroa izan da. Irailean ematen zuen hotza bazetorrela, baina gero, azaroan eta abenduan eguraldi ona izan dugu. Horrek ez digu bat ere lagundu.

Beherapenen aurretik promozioak izan dituzue. Aurten, lehenengoz, ‘Black Friday’-rekin bat egin duzue. Sektorean estrategia berriak abian jarri dituzue.
Miren Garrastazu: Bai, beherapenen aurretik promozioak egiten dira, prezioa dela-eta bezeroa erakartzea errazagoa delako.
J.A.: Black Fridayk harritu egin nau aurten. Elkartetik horren aldeko apustua egin dugu aurten. Ekimen hauek mediatikoki bultzada handia izaten dute, eta jendeak oso ondo erantzuten du. Erosleak eskertu egiten du.  

Gau irekia ere antolatu duzue, egun batez dendak beranduago itxiz, 20:00etan barik, 23:00etan.
M.G.: Gau irekiak ez du hain ondo funtzionatzen. Jendea ez dago hain ohituta.
J.A.: Guk ekimen hau ezagutzera emateko ahalegin handia egiten dugu, animazioa jartzen dugu, baina gehiago kostatzen zaigu heltzea. Ekintza hauek, emaitza onak emateko, konstanteak izan behar dira. Urteetan egun horretan jendearen gustukoa den giroa sortzen baduzu, apurka-apurka fruituak ematen ditu.

Aukeren Azoka ere urtero antolatzen duzue. Egun horietan Landako gunea beteta egoten da. Baina saldu, saltzen duzue?
M.G.: Normalean, lehenengo eguneko etekinagaz dendari bakoitzak postua jartzea suposatu dion gastua estaltzen du.  
J.A.: Postua lehenengoz jarri gura duten dendariei esaten diedan bezala, lehenengoz parte hartzen duena harrituta gelditzen da beti. Alde batetik, lehenengoz parte hartzera, inoizko stockik handiena du. Bestetik, nobedadea da denentzat. Izan ere, Aukera Azokaren oso balorazio positiboa egiten dugu. Geroz eta publiko handiagoa dugu. Formula ohikoa den arren, dendan izan duen arropa prezio onean ateratzen du dendariak, eta erosleak sektore askotako dendak aurkitzen ditu espazio berean.  Aurten, martxoaren 18, 19 eta 20an antolatuko dugu.

Krisiak gogor kolpatu du merkataritza. Egoera hori gainditzen ari gara?
J.A.: Mugimendu handia dago arropen arloko dendetan, batez ere. Okindegi eta fruta-denda asko zabaldu dira. Dena dela, nik dudan sentsazioa da Durangoko merkataritza gorantza doala.

Durangaldeko bezeroez gain, bezeroak beste herri batzuetatik ere etortzen dira?
M.G.: Markina, Ondarroa, Lekeitio, Zornotza... geroago eta herri gehiagotatik etortzen dira erosleak.

Durangon antolatzen diren ekintzek zein eragin izaten dute merkataritzan?
J.A.: Edozein ekimenek merkataritzan eragina izan dezake. Gimnasia erritmikoko txapelketa batek zein Durangoko Azokak. Dena dator ondo Durango eta bertako dendak ezagutzera emateko.

Azokan salmentek gora egingo dute, ezta?
J.A.: Nire kasuan, egun horietan ez dut gehiago saltzen. Agian gutxiago. Izan ere, nire bezeroak durangarrak eta ingurukoak dira, eta egun horietan kanpora joateko aprobetxatzen dute. Egun horietan, ostalariek nabaritzen dute gorakada. Hala ere, azpimarratu nahi nuke, oso egun onak direla hemengo merkataritza ezagutzera emateko. Handik astebetera jendea etortzen da, Azokan denda ikusi zuelako eta interesatu egin zitzaiolako. Beraz, erakusleiho oso ona izaten da. Aukera baliatu nahiko nuke dendariei esateko egun horietan denda ikusgarri egiteko.

Zeintzuk dira Durangoko merkataritzaren erronkak?
J.A.: Geroago eta gehiago indarra jarri behar dugu, on-lineko salmenta handitzen ari delako. Internet bidezko salmenta gure konpetentzia zuzena da, eta horri aurre egitea da gure erronketako bat.  
M.G.: Gure merkataritzari ikusgarritasuna eman behar diogu. Jendeari azaldu behar diogu Durangon denetarik dugula, ez dela zertan Bilbora joan.
J.A.: Mugikortasuna eta aparkalekuak egokitzea beste erronketako bat da, jendea dendetara erraz heltzeko. Saltoki Irekia izan gura dugu. Jendea egunpasa etor dadila, eta erosketak egin eta zer edo zer hartu dezala. Merkataritza-gune itxi bat baino interesgarriagoa izan daiteke.

Durangaldeko merkataritzak zein premia du?
J.A.: Instituzioen babesa behar dugu. Ildo horretatik, bi merkataritza elkarteak uztartu zirenetik, gauzak ondo egiten ari garela esango nuke. Instituzioen aldetik sentsibilitate hori behar dugun moduan, kontsumitzailearen aldetik ere beste hainbeste behar dugu. Gertuko merkataritza bultzatzerakoan, kalitatezko merkataritza eta herri bizia bultzatzen ari gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!