Marian Perez de Gorriti - Durango
A-8aren ohiko erabiltzailea zara? Zein maiztasunegaz erabiltzen duzu?
Egunero hartzen dut autobidea Bilbora lanera kotxean joateko. Beraz, bost joan-etorri egiten ditut astean. Hilean 90 euro inguruko gastua dakarkit horrek. Kontuan hartu behar da, Interbiaken diru-laguntza eskatuta hileko 20 euro itzultzen dizkidatela.
Durangaldeko bidesariak ordainpekoak izateari zer deritzozu?
Diskriminatzailea dela deritzot. Gainera, gaur egun, luxuzko artikulua dela esango nuke.
Orduan, bidesaria kentzearen aldekoa zara?
Autobidetik joatera, ez dakit zehazki errepide generalean zelako zirkulazioa dabilen. Ohiko erabiltzaile moduan, nire ikuspuntutik, ez nago ziur guztiz doakoa izan beharko litzatekeen. Horrela, autoz beteko litzateke, eta doakotasun hori arazo bilakatu daiteke. Hileko kuota bat jartzearen aldekoa izango nintzateke, baina prezioak jaitsiz.
Jose Mari Arrillaga - Durango
Autobidea egunero erabiltzen duzu, ala aldizka bakarrik?
Ez, ez dut egunero erabiltzen. Hile batzuetan, hamar bat bider erabiliko dut, eta beste batzuetan gutxiago. Gehienetan, hitzordu jakin baterako erabiltzen dut, ordu zehatz baterako heldu behar dudalako, eta, horregatik, biderik arinena erabiltzea aukeratzen dut. Hori bai, asko erabiltzen duena dirutza uzten ari da. Esate baterako, lanera joateko erabiltzen baduzu, hilean ia 100 euro utzi ditzakezu. Urtean, 1.000 euro izan daitezke.
Bidesaria kentzearen aldekoa zara?
Eskaera Durango-Bilbo zatiaren liberalizazioa izan beharko litzateke. Bizkaitar guztien artean berdintasuna egon beharko litzateke. Izan ere, une honetan, guztiz diskriminatzailea da. Bizkaia, Muskizen hasi, eta Ermuan amaitzen da. Hortaz, azken 15 kilometroak dira ordaintzen ditugunak. Gainerako bizkaitarrek ez dute ordaintzen.
Ander Duñabeitia - Iurreta
Kamioilaria zara ofizioz. Zelan ikusten duzu A-8ko bidesaria igotzeko erabakia?
Konparaketa egitea besterik ez dago: Espainiar Estatuan, aurten, bajatu egin dituzte autobideetako bidesariak, eta Euskal Herrian igo. Ez zait ondo iruditzen, eta, gainera, gauden egoera ekonomikoa ikusita, oraindik eta gutxiago.
Kamioilariok, talde moduan ere baduzue zer esana...
Normalena, kamoientzat prezioak merketzea izango litzateke. Kamioiak bide nazionaletatik autobideetara bidaltzeko ideiak irten ziren lehen, baina kontrakoa dabiltza egiten. Beste leku batzuetan, deskontuak dituzte; AP-1ean, adibidez, Mirandan doan da, hiritik zirkulazioa kentzeko.
Eta zure lanean, igarriko duzu bidesariaren igoera, ezta?
Ni autonomoa naiz, eta, enpresen antzera, autobideko bidesaria garraioaren gastuetan sartu beharko dut.