Bateginezen azken ekintza solidarioa, JAED, Andereak eta Medicus Mundiren alde

Anboto 2016ko urt. 12a, 10:01

Maite Usategi eta Raquel Calvo kideak, elkarrizketa baten.

Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak 45.000 euro banatu ditu hiru elkarteen artean. 2015ean utzi zion lanari Bateginezek, eta abenduan elkartea desegin eta ondasunak banatzeko erabakia hartu zuen. Bere azken ekintza solidarioa izan da.

Bateginezek amaieran zeukan ondasun guztia JAED, Andereak eta Medicus Mundi Bizkaia elkarteei eman die. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, euren hurreko sentitzen dituzte hiru talde horiek. JAEDekin pobreziaren aurkako borrokan elkartu zen Bateginez; Andereak taldeak Guatemalako emakumeen eskubide urraketen inguruan jarduteko laguntza eman zien; eta Medicus Mundi Bizkaiak Guatemalan emandako laguntza tekniko zein pertsonala handia izan zela esan dute Bateginezekoek.

Durangaldeko elkarteak Guatemalako Pochuta herrian egiten zuen batez ere lan, eta hori bideratzeko Apsadec elkartea sortu zuen Pochutan. Baina azken boladan Bateginezek konfiantza galdu zuen Apsadeceko zuzendariengan, eta lankidetza amaitutzat eman zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!