Elkarteko kideek azaldu dutenez, Dendak Bai 1984an sortu zen "eskualdeko merkatarien indarrak batuta sektoreak zituen arazoei elkarrekin aurre egiteko". Gaur egun, 200 bazkide baino gehiago ditu elkarteak, Durangon, Iurretan, Abadiñon eta Atxondon. Gaineratu dutenez, elkarteak eskaintzen duen zerbitzu garrantzitsuena bazkideei ematen dien doako aholkularitza da. Horrez gain, informazioa zabaltzea eta bazkideak ordezkatzea elkartearen zereginetako batzuk dira. Era berean, Durango Txartela eta erosketa bateratuak bultzatzen dituzte. Aukera Azoka eta Gau Irekia lako ekintzekin ere merkataritza txikia bultzatzea dute helburu. Elkarteko ordezkariek diotenez, "merkatari txikia bizirik mantentzea oinarrizkoa da hauek baitira herria bizirik mantentzen dutenak".