Xabier Irujo: "40 urtez ukatu izan dute Euskal Herrian gertatutakoa"

Anboto 2015ko abe. 13a, 10:00

‘Memoriaren Ibilbideak. Gerra Zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrenda’ aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. 1936ko gerrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragindako ekintza eta gertaera nagusien bilduma egin dute. Lana osotu duen Biografy & Parliament ikerketa taldeko kidea da Xabier Irujo. Urteak daramatza Euskal Herriko historia eta 36ko gerrak eta ondorengo diktadurak utzitako arrastoak ikertzen.


‘Memoriaren Ibilbideak’ txostenak Euskal Herrian egin ziren bonbardaketei buruzko zure ikerketa jasotzen du.
Hamar urte dira Gernikako bonbardaketa ikertzen hasi nintzela. Hura planifikatzera heltzeko, aurretik beste hainbat bonbardaketa egin ziren. Atzetik logika bat zegoela konturatuta, Euskal Herriko bonbardaketen nolabaiteko atlasa eraikitzen hasi nintzen. Lan horretan zortzi urte neramatzala, txostena egiteko eskatu zidaten, eta, orain arte, 600 bonbardaketatik gora erregistratu ditut. Azpimarratzekoa da ikerketa amaitu gabe dagoela, eta horrela jarraituko duela; ez da-eta erraza, esaterako, artxiboko materiala lortzea. Asko galdu egin da eta beste asko oso barreiatuta dago: gutxienez 35 artxibotan egon naiz, zazpi herrialdetan.

Amaitu bako zerrenda den arren, 600 bonbardaketatik gora zenbatu dituzu.
Bai, eta bakoitzari buruzko informazio apur bat ere jaso dut; nagusiki beste ikertzaile batzuk jakin dezaten non aurkitu dudan informazioa, eta eurek ere tira egin dezaten. Auskalo, urte batzutara gehiago jakingo dugu bonbardaketa batzuri buruz. Badago lana egiteke. Hemendik aurrera bonbardaketa bakoitzaren nortasuna aztertu dezakegu; erasoen izaera anitza da.

1936 eta 1937 urte arteko gertaeretan jarri duzue begia. Otxandiokoa izan zen zibilen kontrako lehenengo bonbardaketa.
Izugarria izan zen. Hegazkin bik bonbardatu zuten. Herritarrei propaganda botako zutela sinistaraztea izan zen logika; horregatik da hain latza. Lekuko batzuen arabera, paper batzuk bota zituzten Andikona plazara, eta horrek ume ugari erakarri zuen. Han zeudela egin zuten erasoa. 70 metrori buruz ari gara; oso ondo ikusten zen nor erasotzen zuten. 60 lagunetik gora hil ziren; gehienak umeak edo oso gazteak. Bonbardaketa hartan Angel Salas Larrazabalek parte hartu zuen, eta haren anaiak Gernikako bonbardaketari buruzko liburua idatzi zuen. Horrek erakusten du nola egiten den historia ikuspegi horretatik, guztiz desbirtuatua.

Durango eta Elorrio etorri ziren gero. Estrategia berdina jarraitu zuten?
Izu-bonbardaketak izan ziren haiek. Milizia izutu eta errendizioa eskatzea zen helburua. Eusko Jaurlaritza suntsitzea, errenditzea, espero zuten. Ez zen gertatu. Elorrioko mendietan, egun bakarrean 60 tona bonba jaurti zituzten. Bonbardaketa gogorrena izan zen. Gernikakoa, berriz, esperimentua izan zen; estrategia hori, Varsovian (Polonia), Rotherdamen  (Britaina Handia) eta Stalingradon (URSS) ere erabiliko zuten. Hala ere, izu-bonbardaketa izan zen hura ere. Arratsalde hartan, hiru ejerzitoek (Espainiakoak, Italiakoak eta Alemaniakoak) Jaurlaritzaren errendizioa eskatu zuten. Francok penintsula osoan zuen abiazioaren %20 erabili zen, eta hiru ordu eta erdiko bonbardaketa bakarrean 2.000 lagunetik gora hil ziren, kalkulu arrazionalen arabera. Hala ere, oso zaila da jakitea zenbat hil ziren. Esan bezala, badago lana egiteko; Durangon hildakoen %17 dago identifikatu gabe.

Bonbardaketa guztiak genozidio fisiko kanpaina baten parte izan zirela diozu.
Batzuk ukatzen saiatu arren, horrela izan zela dioten agiriak ditugu. Genozidioa luzaroan mententzen den kanpaina bat da; bonbardaketa bat, aldiz, bera bakarrik, ekintza estrategikoa. Mola jeneralaren arabera, oso aberatsa zelako eta industria indartsua zuelako zen abertzalea, euskaltzalea eta euskalduna Euskal Herria; Bizkaia, batez ere. Horregatik, industria eta hiriak suntsituta, behin eta berriro bonbardatuta, industria txikitzea lortuko zuten, eta Euskal Herriaren nortasun kolektiboa birrintzea ere bai. Horrek bihurtzen du genozidio fisiko kanpaina.

Desmemoria edo memorizidio estrategia oso bizirik egon dela diozu.
40 urtez ukatu da Euskal Herrian gertatutako. Nazioartean, Gernikan gertatutako ezeztatzen lehenengoa Ribbentrop izan zen, Alemaniako enbaxadorea Londresen. Atzetik beste hainbat etorri ziren, eta ukazio hori egia ofiziala izan da Espainian, 40 urtez. Franco hil ostean, korronte erredukzionista sortu zuen horrek. Hori guztia memorizidioa da; memoriaren errausketa edo heriotza.

Horri aurre egiteko tresna izan daiteke landutako txostena.
Bai, baina bi-hiru belaunalditan jarraitu beharko dugu lanean memorizio horri aurre egiteko. Ukazio korronte hori genozidio kanpainako zati integrala da, eta hezkuntza da horren kontrako txerto nagusia.

Memoria historikoa berreskuratzeko lanean dabiltzan hainbat eragileren jarduerak ere batu dira.
Bai. Zorionez gero eta gehiago dira gainera, eta izugarri garrantzitsua da horiek egin dezaketen lana. Inoiz ez da bukatuko lan hori. Ez dago liburu borobil bat, eta berdin dio zenbat urte eman bonbardaketa bat ikertzen; beti irtengo da zerbait berria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!