Gazta-proiektua abiatu dute Orobiogoitiako ikasleek, ikasketa bidaia finantzatzeko

Anboto 2015ko abe. 9a, 12:31
Ikasle bakoitzak 10 gazta erdi saltzeko konpromisoa hartu du, Orobiogoitiakoek azaldu dutenez. (Argazkia: Orobiogoitia Institutua)

Iurretako Orobiogoitia Institutuak pauso berri bat eman du “bertoko eta kalitatezko produktuak” kontsumitze aldera: 4. DBHko ikasleek urtero antolatzen duten ikasketa bidaia finantzatzen laguntzeko, bertako Idiazabal gazta salduko dute. Hurrengo urteetan “finkatu” gura duten proiektu hasiberri hori Agenda 21ekin dator bat; Ingurumen sailak emandako ‘Institutu jasangarria’ izendapenagaz.


2014-2015 ikasturte amaieran Guraso Elkartekoek luzatu zioten proposamena institutuari.Otxandion ikasle batzuen familiakoek gazta egiten zutela jakin ostean, proposamena ontzat hartu, eta familia horrengana zuzendu ziren proiektua azaltzeko. “Pozarren hartu zuten ekimena, eta guztiontzat baldintza egokiak adostu ondoren, lanari ekin genion”, azaldu dute. Ikasle bakoitzak 10 gazta ale —gazta erdiak dira— saltzeko konpromisoa hartu du.

Elkarlana abiatu dute
Aurten hasi dute gazta-proiektu hau, hala ere, datozen urteetan finkatzen joatea da Orobiogoitiako arduradun eta ikasleen helburua, azaldu dutenez. Gazta ekoizleek ere bat egiten dute egitasmoagaz, eta hasitako elkarlanaren berri zabaldu gura izan dute.

Bide horretan, hainbat gai ari dira aztertzen, Orobiogoitia Institutukoek adierazi dutenez: “Gazta ekoizteko modua ikasleei ezagutaraztea, gaztandegira bisita egitea... Baina pausoz-pauso joan behar dugu, gure lehenengo erronka aurtengo gaztak ondo saltzea da-eta”, nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!