Obra handien ametsa, auzotar askorentzako amesgaizto

Anboto 2015ko aza. 27a, 09:00

Garraio sarea hobetzeko helburuz, obra handi ugari egiten dabiltza azken urtetan. Leku batetik bestera arinago eta seguruago ailegatzea; hori da obren bultzatzaileen ametsa, eta ustez, herritar gehienen onurarako da. Baina, azpiegitura berriak garatu ahal izateko lur mugimendu eta desjabetze ugari egin behar izan dira, eta horrela, auzotar askoren amesgaizto bihurtu dira proiektuak. Herritar batzuengana hurreratu gara, euren bizipenak ezagutzeko.

Autzaganeko tunela, Gerediaga-Beasain autobidea eta AHTa dira Durangaldean gaur egun eragin handiena dutenak, eta urteak atzera, trenari eta trenen kotxetegiari lekua egiteko Lebarioko (Abadiño) Txosna baserriagaz gertatutakoa egongo da askoren oroimenean. 2007ko apirilean bota zuten Iturriagagoitia-
Uriarte familiaren etxea, ertzainek desalojatu ostean.

Autzaganen, beste urte bi
Autzaganeko obra da momentu honetan Bizkaian martxan dagoen obra garrantzitsuenetako bat. 2012an hasi ziren lanak, eta 2015erako bi tunelak zabalik egotea aurreikusi zuten. Baina, obra geratu egin da, eta gutxienez beste urte bi atzeratuko da. Obra 63 milioi eurogatik adjudikatu zioten enpresa-batasun bati, eta udan, ingurumen baldintzei lotutako kostuei ezin ziela aurre egin adierazi zuen.  Orain, Aldundiak 4,2 milioi euroko isuna jarrio dio enpresa elkarte horri, kontratua ez betetzea egotzita.

Gerediaga-Elorrio autobidea ere 2012an hasi ziren eraikitzen. Tunel bi eta beste tunel faltsu bi ditu, eta 2016ko udan zabalik egotea aurreikusi du Aldundiak. Irailean, obraren %74 egina zegoela esan zuten. Iaz, EH Bilduk Gaztelu auzoan “legez kanpoko hormigoi fabrika bat” zabaldu izana kritikatu zuen, eta Atxondoko obretan “irregulartasunak” egon zirela ere bai.

Bestalde, Durangaldean eragin handia eduki duen obra da AHTarena. Elorrion tarte batzuk eraikitzeke daude, eta asteon 80 kaltetu desjabetzeak sinatzera deituta egon dira.

"Landa ikustetik horma handi bat ikustera alde handia dago"

Jabier Atutxa - Autzaganeko obrek kaltetua

Katia auzoan duen Katiaberri baserritik hiru bat metrora harresi garai bat eraiki diote Jabier Atutxari. Hormigoizko zimendu horren gainetik errepide nagusian amaitzen den bide bat doa. Hormigoiaren eta zarata eragozteko panelen artean 10 bat metroko garaiera heltzen da horma, baserriaren ondo-ondoan.  

Noiz jakin zenuen baserriaren ondoan hormigoizko harresi hori izango zenuela?
Orain lau urte, aurreko etxe ia dena bota eta berria eraiki genuen. Handik urtebetera etorri ziren topografoak lehenengoz. Esan zidaten etxearen azpiko aldetik  —beste aldetik— zihoala bidea. Ez zidan askorik eragiten. Baina gero proiektua aldatu egin zen eta goiko aldetik eta etxetik gertu zihoala esan zidaten, hamar bat metrora. Bizkaiko Aldundiagaz Zornotzan zein Bilbon egindako batzar banatan gauza bera esan zidaten: horma 10 metrora zihoala. Makinak sartzen hasi zirenean, etxe ondo-ondoan, hiru bat metrora, marka batzuk ikusi nituen. Injineruak ez zekien zer ziren eta topografoari deitu zion. Hark esan zigun marka horien gainean zihoala horma. Injinerua ere harrituta geratu zen, baina “hortik badoa, hortik joan beharko da”, esan zidan. “Zelan liteke?” erantzun nion; hori ez zen batzarretan esan zidatena.

Protestek ez zuten ezer aldatu.
Esan nien egoera horretan, etxea hormak estalita, ezin ginela geratu; baina alperrik. Etxeagaz eurak geratzeko eta balio zuena emateko ere eskatu nien. Etxe berria da eta dirua kostatu da, baina, beno, Bedian badut lur zati bat eta han beste etxe bat egiteko prest nengoen.“Ez eta ez”erantzun zidaten.

Obren aurretik zer zegoen etxearen alde horretan?
Landa zabal bat zegoen, fruitondoekin eta dozena bat ardirekin. Ez ziren nireak, nire auzokoarenak baino. Niri hiru bat metro kendu dizkidate. Baina ikuspegia zen balio zuena. Lehen dena ikusten nuen, zabaltasuna zegoen. Orain etxetik irten eta landa beharrean horma hau ikusi beharra… alde handia dago. [Une horretan mugikorrera deitzen diote, baina hartu aurretik isiltzen da]. Hori ere badugu: hormarekin estaldura ere joan da. Lehen bazegoen.

Zuk zeuk zelan bizi izan duzu hau dena?
Etxe berria egin genuenean denek esaten ziguten zer polita geratu zen. Orain ea non sartu garen galdetzen digute. “Hementxe, hormaren atzean” erantzun behar. Hasieran, lorik egin ezinda egoten nintzen eta nerbioek jota. Aldundikoei esaten nien egiten zebiltzana ez zegoela ondo eta ezin zitekeela izan. Lasai egoteko esaten zidaten, garrantzitsuena osasuna dela eta gainerakoa konponduko zela. “Zeuek zarete osasuna kentzen didazuenak” erantzun nien. Nire tokian jarri izan balira, ez zuketen horrelakorik esango. Batzarretan segurtatu zidaten lez horma etxetik hamar metrora egin izan balute, beste kontu bat izango zen, baina etxearen ondo-ondoan dago!

Beste albo-kalterik jasan duzue?
Inguruko argiztapena ere aipatu behar. Beste aldean, azpiko pasabideraino daude kale-argiak, baina handik gure etxera ez. Lehen, gutxienez, landak zabaltasuna eta zelanbaiteko argitasuna ematen zigun, baina hormak iluntasuna handitzen du. Zornotzako EH Bilduko zinegotziak etorri izan dira gure egoeraren berri jakitera. Ondoren, alkateagaz ere egon naiz eta kale-argiena aztertuko dutela esan dit.

 

"Makinak lanean hasi zirenean etxeak dardar egiten zuen"

Marian Elgezabal - Autzaganeko obrek kaltetua

Arrakala, itokina, berriztu gabeko horma… Oraindik konpondu bako hainbat kalte ditu Rosa Elgezabalen etxeak. Horiek konpontzera etorri ziren langileak, baina ez zuten lana amaitu eta ez dira gehiago itzuli.

Noiz sortu zen arrakala?
Makinak lanean hasi zirenean bibrazio handiak eragiten zituzten. Handik harri itzelak atera dituzte gero! Etxeak dardara egiten zuen lanean zebiltzanean.  Niri belarrietan ere kalte egiten zidan. Lanean hasi eta berehala sortu zen arrakala. Adreilu batzuk ere erori ziren. Horrez gainera, dardarek teilatu zati bateko teilak mugitu zituzten, eta horrek itokin bat eragin zuen.

Kalteak konpontzera etorri ziren?
Bai, urriko azken astelehenean etorri ziren langile batzuk. Aldamioa jarri, eta eroritako adreiluak konpondu zituzten. Goizean euria egin zien eta ez zuten beste lanik egin. Joan aurretik esan nien arrakala eta teilatua amaitu barik zeudela. “Etorriko gara”, esan zidaten. Gaur arte. Ordutik hilabete baino gehiago pasa da. Orain egun bi, Aldundiko ordezkari bat etxe kanpoan ikusi nuen eta beregana irten nintzen. Nire egoera azaldu nion. “Ba, horiek errepideko obra utzia dute”, esan zidan  —Autzaganeko lanak geldituta baitaude gaur egun—. Bai, badakit, baina nirea zer? Hiru lantxo dira, baina egin barik daude.

Obrek eragindako beste albo-kalterik izan duzu?
Etxe ondoan Telefonicaren telefono poste bat dago. Postea mugitu eta lur azpitik bertara doan kable-sarea aldatu dute. Horretarako zoruko hormigoia kendu behar izan zuten. Lan horiek eragindako bibrazioek ortua eta etxondoa bereizten dituen hormari eragin diote. Zati bat konpondu dute, baina ez osoa. Gainera orain kontadorea postearen barrualdetik dagoenez, berau begiratzera doazenean hormatik salto eginda sartzen dira barrura eta ortua zapaltzen didate. Telefonicara bidali dut gutun bat, baina ez didate erantzun.

Lurrik desjabetu dizute?
Bai, desjabetza bi izan ditut. Bata orain 16 urte, errepidea berritu zutenean; bestea, orain. Sasoi baten, noranzko bietako karrilak bereizten dituen zementozko egitura horietara heltzen zen gure lur zatia.  

Gauzak datozen moduan onartu behar?
Nik kristoren eztabaidak izan ditut injineruagaz. Ez dut uste hemen horrelako obra handirik behar zenik, baina…

Orain bidea gertuago izanda, zarata gehiago dago?
Tira, Aldundiak leihoak aldatu dizkigu; lehen beira bikoitzekoak ziren, eta oraingoek beira lodiagoa dute. Hori bai, uda osoan ez dut leihorik zabaldu. Izan ere, goizetan, eguzkiak bete-betean jotzen du bide ondoan zarata akustikoa kentzeko jarritako paneletan, eta bere islak begietan lausoa eragiten dit. Bestalde, harantz begiratzeak bihotzeko min apur bat ere eragiten dit. Lehen beste aldea ikusi ahal nuen, eta orain ez.

Etxetik ez duzu lehengo ikuspegirik.
Errepidearen beste aldean zegoen bidera joateko modurik ere ez. Lehen, gasolindegitik pasatzen ginen errepidearen alde batetik bestera. Orain, kilometro eta erdiko joan-etorria egin behar dugu Katia auzoraino. Azkenean, egoera denak kontuan hartuta, ezintasuna sentitzen duzu. Nerbioek ere eragiten dizute: arrakala dela, bestea dela, etorriko direla konpontzen, lana amaitu barik doazela, ez direla bueltatzen… eta ezin ezer egin.

 

“Zergak ordaintzen ditugu eta gero ez dugu babesik jasotzen”

Karmelo Farelo - AHTaren obrek kaltetutako abadiñarra

Tabirako igerilekuetako AHTaren tunelak beste aldetik Karmelo Fareloren Hamairuatxeta baserrira ematen du. Baserria bera Abadiñoko lurretan dagoen arren, Durangorekin muga egiten du. Bere etxe ondoan obrek iraun zuten hiruzpalau urteak ez ditu ahazteko.

Zer arazo izan zenuten Abiadura Handiko Trenarenaren obrekin?
Guk arazo gehien Tabirako tunelaren eraikuntzan izan genuen. Kartzelara joateko zorian egon nintzen. Tunel hori dinamitarekin egin zuten, edozein ordutan. Kanpoko lanak egunez ziren, hori diferentea da, baina eztandak 24 orduz.

Zure egoeraren berri eman zenuen zegokion lekuan? Kexaren bat jarri zenuen?
Tunela bera Durango da, baina ni abadiñarra naiz. Abadiñoko udaletxera joaten nintzen eta zer edo zer egiteko eskatzen nien. Udalak erantzun zidan tunela Durangon dagoenez, kexa hara bideratzeko. Egin nuen, eta haiek Abadiñora jotzeko esan zidaten. Beraz, oso salduta sentitu nintzen.

Kexek erantzunik izan zuten?
Eztandek berdin-berdin jarraitu zuten. Tunela egiteko, xurgagailu erraldoiak jarri zituzten, barrukoa garbitzeko, eta motorra kanpoan zegoen. Horrek ere zarata handia eragiten zuen, eta kexa jarri eta gero, gure aldean kontenedore handiak jarri zituzten, zarata isolatzeko. Izan ere, tunela Abadiñoko aldetik egiten hasi ziren, Durangoko aldean jende asko bizi delako eta gu, hemen, hiru-lau izan garelako.

Lur mugimenduekin sarbide arazorik izan zenuten?
Gure bidea, Artatik hona, asfaltatuta dago, baina baserri bidea zen. Arazoak beraiek izan zituzten: hiru-lau aldiz kotxea traban utzi nien. Nik beraien protokoloa ezagutzen nuen. Kotxearena ordubeteko gauza izaten zen. Inork ez zidan jaramonik egiten.

Zaratagatik salaketa ere jarri zenuen?
Abadiñoko udaletxean zarata neurgailua eskatu, eta nik neuk egin nuen neurketa. Salaketa jarri nuen, eta obrako zuzendaritzak atzera bota zuen, gailu hura azterketa pasatu barik zegoelako. Ikusi zuten mugitzen hasi nintzela, eta hortxe hasi ziren eurak ere neurriak hartzen, kontenedoreena, esaterako.  

Momentu hartan bizitakoaren zein oroitzapen duzu?
Oso tristea izan zen. Ez genuen inolako laguntzarik izan. Zergak ordaintzen ditugu, eta gero ez dugu babesik jasotzen. Tristea izan zen. Seme-alabek  bi edo hiru urte zituzten. Lehenengo sirena entzuten zen eta gero eztanda. Goizaldeko eztandekin, umeak negarrez itzartzen ziren, sustoarekin.
 
Tunela barrutik ezagutzea ere tokatu zaizue. Trenaren aurretik zuek erabili duzue.
Kamioien joan-etorriagaz bidea apurtuta gelditu zen, eta konpontzen zuten bitartean ezin ginen handik pasatu. Tuneleko giltza eman ziguten eta handik irteten ginen, Durangoko aldetik. Buelta galanta ematen genuen Abadiñora etortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!