San Antonio Santa Rita, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastetxeetako gazteez gainera, AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleak batu ziren, goizean, ekimenera. Guztira, 122 lagun elkartu ziren mingainari euskaraz eragiteko gogoz.
Gazteak urduri, non eseriko, eta euskaltegietako ikasleak ere gogotsu ibili ziren, aulki bila. Laukote horietako baten solasaldian infiltratu zen ANBOTO. Isabel Perez AEK-ko ikaslea, Julen Bengoa Udal Euskaltegiko ikaslea, Nerea Narbaiza San Antonio Santa Ritako 4. DBHko irakaslea, eta Jon Barbero eta Gaizka Bengoa Kurutziaga ikastolako ikasleak bildu ziren lehenengo errondako talde batean. Berbetan hasi aurretik, aurkezpenen txanda izan zen. Kurutziagako ikasleak eta San Antonio Santa Ritako irakaslea euskaldun zaharrak dira. Isabel, berriz, AEKn euskara ikasten dabil. Berbalagunera joateko astirik barik dabilela aitortu zuen. Julen, berriz, euskaldun zaharra da, baina EGA titulua ateratzeko ikasten dihardu, Udal Euskaltegian. Talde anitza batu zen, beraz, euskaraz hitz egiteko gertu.
Antolatzaileek proposatutako lehenengo gaia musikari lotutakoa izan zen. Guztiaren errua reggaetoiak dauka izan zen esku orrian azaltzen zen lehenengo esaldia. Taldekideek berehala ekin zioten musika mota ezberdinei buruz hitz egiteari. “Momentu bakoitzean, norberaren egoeraren arabera, gorputzak musika bat edo beste eskatzen dizu”, arrazoitu zuen Julenek. Ikasleek ere, musika gogoko dutela azaldu zuten, talde zehatzik barik, euskal musika zein atzerrikoa. Reggaetoia, berriz, ez ei dute larregi ezagutzen. Nereak, berriz, irakasle senagaz, solasaldia bideratzeko galderak proposatu zituen. Halako batean, txirrinak jo, eta beste solaskide batzuk ezagutzeko txanda heldu zen. Txandatzearen bidez, beste mahai batean esertzeko unea zen. Horixe baita Berbalagunen oinarria. Euskaraz hitz egiteko aukera eskainiko dizun jende berria ezagutzea.