Tapoi bilketa: Elkartasuna oinarri duen birziklapena

Anboto 2015ko aza. 20a, 09:00

Gauza txikietatik proiektu handiak sortzen dira sarritan. Hori gertatu da, azken urtetan, plastikozko tapoien bilketagaz. Elkartasuna oinarri duen birziklapen herritarra da; etxe askotan egiten diren keinu txikiak dira, baina emaitza handia dutenak: horri esker, gaixorik dauden hainbat umeri laguntzen zaie, eta ingurumenak ere eskertzen du.

Kasuz kasu eta ahoz aho zabaltzen dira tapoien bilketa kanpainak. Antolaketa ofizialik eduki barik eta hain herritarra izanda, tapoiekin lortzen den dirua nora joaten den galdetzen dute askok. Durangaldean garatzen dabiltzan esperientzia bi ezagutu ditu ANBOTOk, protagonisten ahotik.

Rober eta Geu Be
Durangoko Simply supermerkatuan egiten du lan Rober Egurbide mutrikuarrak, eta zortzi urteko alaba gaixorik dauka, oraindik gaitza diagnostikatu barik. Hiru hilegaz somatu zituzten sintomak, eta, geroztik, hara eta hona ibili dira. Madrilera urtean birritan joaten dira estimulazio saioak hartzeko. Terapien gastuak ordaintzen laguntzeko hasi zen tapoiak batzen, joan zen ekainean, eta Lemoako enpresa batean biziklatzen ditu. “Jendeak uste du aulkiak-eta ordaintzeko izaten dela, baina, hori lortzeko, tapoi asko batu behar duzu. 200 euro ematen dizkizute tona bakoitzeko”.

Simplyn ontzi bat  dauka, Zaldibarko eskolatik ekartzen dizkio lankide batek, Mutrikutik jasotzen ditu eta Geu Be elkartetik ere bai. “Eskerrak eman gura dizkiet guztiei”.

Orain hiru bat urte hasi ziren tapoiak batzen Geu Be elkartean, Lekeitiko ume bati zutik egoteko gailu bat finantzatzen laguntzeko. Honela gogoratzen du Justi Alfarok: “Oso interesgarria iruditu zitzaigun. Alde batetik, umeari laguntzea lortuko genuen, eta bestetik, gure gazteak inplikatzea ere bai”.  Sarri, tapoiak gazteek eurek entregatu izan dituzte, zuzenean.

Durangon, tapoiak batzeko erreferentziazko lekua izan da herritar askorentzat Geu Be-ren egoitza, baina gainezka egin die, Alfarok dioenez: “Astebetean, sekulako tamaina hartzen zuen tapoi piloak. Une honetan, bilketa geratu egin dugu, tapoien gela zomorroz bete zitzaigun-eta!”.  Orain, Simplyra eramateko deia egin dute.

Mari Carmen eta Maiztegi
Mari Carmen Zarandona zornotzarrak Usansolon ezagutzen duen familia bati laguntzen dio tapoiak batzen. Besteak beste, Iurretako Ertzain-etxera eta Maiztegi eskolara joaten da. Ikasleek eskolako sarreran uzten dituzte tapoiak, eta Rosi Lizarralde behargina arduratzen da horiek pilatzeaz. “Ikasle asko oso kontziente dira ekimenaz. Gurasoek esaten digute umeek ezin dituztela tapoiak zakarrontzian ikusi”. Lizarralderen arabera, dagoeneko ez dute dei berezirik egiten, ikasleek euren kabuz ekartzen dituzte eta tapoiak.  “Hiru edo lau zabor poltsa tapoiez betetzen direnean, Mari Carmeni deitzen diot”, azaldu du Lizarraldek.  

Kate solidarioa Iurretako ikasleekin hasi, Lizarralde eta Zarandonaren eskuetatik pasa, eta beharrizana duen Usansoloko familian amaitzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!