61 familiari argindarra eta gasa ordaintzen lagundu die JAED elkarteak

Anboto 2015ko aza. 13a, 14:06

JAED elkarteak gaur zabalduko du ohiturazko Gabonetako tonbola, Andra Marin. Prentsarako aurkezpenean, urteko laguntzaren datuak ere aman dituzte. Aurten, lehenengoz, pobrezia energetikoari aurre egiteko dinamika sustatu dute, eta 61 familiak jaso dute laguntza.

JAEDek emandako datuek ondo baino hobeto islatzen dute herritar askok isilean bizi duten egoera gaitza. Aurten, urrira bitarteko datuak kontuan hartuta, Durango eta Iurretako 255 familiari jatekoa eman diete. Guztira, 684 lagunen artean 63.000 kilo elikagai banatu dituzte. Beste 80 etxetan diruaren beharra eduki dute, eta 112.000 euro ekarpen horretara bideratu dira. Gainera, 61 familiari argindarra eta gasa ordaintzen lagundu die elkarteak. Etxe askotan pobrezia energetikoa bizi dutela jakinda, aurten ipini dute martxan dinamika, eta 14.500 euro erabili dituzte horretarako. Berogailua eta ur beroa eduki ahal izan dituzte, adibidez, JAEDi eskerrak.

55.000 boleto salgai

Dinamika guzti horiek garatu ahal izateko, JAEDentzat "oso garrantzitsua" da Gabonetako tonbola, Covadonga Noval eta Susana Lorenzok kontatu dutenez. 55.000 boleto saldu gura dituzte, eta amu lez, 55 sari egongo dira zozketan: Renault Clio bat, Lisboa (Portugal) eta Kanariar Irletarako bidaiak, Apple etxeko ordenagailu, mugikor eta tabletak, Play Station 4a... Gaur zabalduko dute denda, eta urtarrilaren 6an egingo dute zozketa, 18:30ean, Andra Marin bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!