Otxandio Udabiltzan sartu da eta Atxondok sartzeko eskaria egingo du

Anboto 2015ko aza. 9a, 09:00

Udalbiltzak uztailean egindako udalbatzarren erabaki zuten Atxondo onartzea.

Otxandiok aurreko legegintzaldian egin zuen Udalbiltzan —Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra—  sartzeko eskaera eta uztailean egindako plenoan onartu zuen eskaera. Udalbatzar hartan Legutioren eta Antsuolaren eskaerak ere onartu zituzten. Otxandioko azken udalbatzarrean eman zuten horren berri eta erakunde horretan izango duten ordezkaria hautatu zuten: Miren Urigoitia (EH Bildu) izango da.

“Horrelako erakundeak sortzea eta bertan parte hartzea positiboa da”, baloratu zuen Urtzi Armendariz alkateak: “Guk sinesten dugu Euskal Herriaren ikuspegitik garapenerako tresnak behar direla eta iruditzen zaigu Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen duen egiturak bultzatzea positiboa dela”.

Udabiltzan sartuta Otxandiok zer onura jaso ditzakeen ere aipatu zuen: “Gure antzeko egiturak eta arazoak dituzten herriekin gauzak elkarbanatzeko eta denon artean irtenbideak bilatzeko bidea izan daitekeela uste dugu. Ez arlo kulturalean bakarrik, baita ekonomikoan ere; ekintza bateratuak egin genitzake. Ikusi beharko dugu, apustu bat da, hasieran dagoena”.

Bere aldetik, Atxondok Udalbiltzan sartzeko eskaera egingo du. Hori erabaki zen asteleheneko udalbatzarrean EH Bilduren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. Udalbiltzak “eraikuntza nazionalaren eraikuntzan aurrerapausuak emateko” eskaintzen dituen aukerak azpimarratu zituen Dabid Cobos alkateak (EH Bildu). Hainbat arlotan (ekonomia, energia berriztarriak, turismoa …) “antzerako egoerak edo interesak dituzten udalerriekin elkarlanean aritzeko” bidea izan daitekeela azaldu zuen.

EAJk kontra bozkatu zuen. Gorka Garate jeltzaleak hartueman horretan Atxondok zer etekin jasoko duen galdetu zuen: “Udalak diru bat jarriko du urtero, baina gero zer eta zelan bueltatuko da hori herrira?”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!