Durangaldeko nagusien elkarteek oinez joko dute Durangora Adinekoen Egunean

Anboto 2015ko ira. 24a, 10:45

Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Durango izango da eskualdeko nagusientzako topagune. Izan ere, gainerako herrietatik ibilaldiak irtengo dira goizean, eta Durangon elkartuko dira, eguerdian. Andra Marin ekitaldia egingo dute, eguneko adierazpena irakurtzeko, besteak beste.


Amankomunazgoak eta Durangoko adinekoen sailak sustatu dute egunaren ospakizuna, baina nagusien elkarteek inoiz baino ardura gehiago eduki dute antolaketan. Durangaldean, 15 elkarte daude une honetan, guztiak herri mailakoak, Bizidun izan ezik. Bizidunekoek zahartze aktiboaren inguruko ekintza ugari egiten dituzte urtean zehar, eta horien artean, mendi ibilaldiak daude. Horrela, eurek antolatu dituzte urriaren 1eko ibilaldiak. Durangon hiru hasiko dira Andra Maritik, 08:30ean, 09:30ean eta 10:00etan. Atxondon, Elorrion eta Zaldibarren, 08:30ean irtengo dira; Berrizen, 08:45ean, eta Abadiñon, 11:00etan. Andra Marira guztiak ordu antzekoan heltzeko asmoa dute.

Bestalde, martitzenean, adinekoen arazoen inguruko berbaldia egongo da Durangoko Elkartegian, 17:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!