Berbalagunek mintzodromoak antolatuko ditu herririk herri

Anboto 2015ko ira. 22a, 21:06

Berbalaguneko parte-hartzaileak eta antolatzaileak Platerueneko aurkezpenean

Euskaraz berba egin gura duenak solaskide euskaldunak behar ditu inguruan. Familian, lagunartean, auzoan, kalean edo lanean berba egiteko aukerak izatea ezinbestekoa da. Euskaraz jarduteko espazio horiek sortu guran Berbalagun egitasmoa aurkeztu dute Durangon.  

Egunerokotasunean sortzen diren gaiez "natural" berba egiteko aukera eskaintzen du Berbalagunek, Amaia Ezenarro ekimenaren koordinatzaileak Platerueneko aurkezpenean adierazi duenez. Batetik, urtero bidelagunak izaten dituzte, euskaraz berba egiteko elkartzen diren taldeetako akuiluak. Beraien borondatez dakitena besteei transmititzeko gogoz hurreratzen dira egitasmora. Bestetik, bidelariak daude, euskaraz sentitu eta emozionatu nahi dutenak. Hauek guztiak, kafe baten inguruan bildu eta berriketan egiten dute Berbalaguni esker. 

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak Berbalaguneko parte-hartzaileei zuzenduz adierazi duenez, "zuen borondate barik ekimena ez litzateke posible izango". Era berean, Amankomunazgoak ekimena babesten jarraituko duela aurreratu du. 

 

Aurtengo nobedadeak

Aurten, Berbalaguneko arduradunek tabernari eta merkatariengana joko dute "herriko arnasgune horietara heltzeko". Beste nobedadeetako bat Mintzodromoa da. Iaz Plateruenean Durangalde mailako ekimena antolatu zuten eta oso balorazio ona egin dute. Egitasmoa indartu guran, Durangaldeko ekimenaz gainera, herririk herri mintzodromoak antolatuko dituzte. Ane Abanzabalegi koordinatzaileak dioenez, urteroko ekintza osagarriak ere prestatuko dituzte.

15 urte dira Berbalagun martxan jarri zutenetik. Antolatzaileen esanetan, urte hauetan "egonkortuz" joan da. Berbalagun elkarlanean ondutako proiektua da. AEK, Durangoko Udal Euskaltegia, Durangoko Hizkuntza Eskola eta Berbaro euskara elkartea dira antolatzaileak. Durangaldeko udalek eta Amankomunazgoa berriz, babesleak dira

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!