Gazteak lanerako prestatzeko zortzi ikastaro, 'Jar zaitez martxan' programan

Anboto 2015ko ira. 17a, 13:55

Amankomunazgoaren bidez, Jar zaitez martxan programa hasi da berriro Durangaldean. Gazteen lana lortzeko gaitasunak hobetzea, orientazioa ematea, eta enpresak sortzeko laguntza eskaintzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Goizean aurkeztu dute, prentsaren aurrean, datozen hilabeteetarako programa.

Lana topatzen laguntzeko zortzi ikastaro edukiko dituzte aukeran 16 eta 29 urte arteko gazteek. Ikastaro bakoitza 44 ordukoa izango da, eta, Durangon, Zornotzan eta Ermuan eskainiko dira. Hainbat balio landuko dituzte ikasleek: motibazioa, komunikazioa, lidergoa, erabakiak hartzea, gatazkak ebaztea, taldean lan egitea, eta trebetasun sozialak, esate baterako. Bestalde, enpresak sortzeko aholkularitza emango diete gazte ekintzaileei.

Proiektuak 187.000 euroko aurrekontua dauka, eta Bizkaiko Foru Aldundiak %70 ordainduko du. Aldundiaren izenean, Maitane Leizaolak esan du lana topatzea dela gazteen egungo kezka nagusia, Euskaidko Gazteriaren Kontseiluak asteon ateratako txostenean jaso bezala. Horregatik, gazteen emantzipazioa laguntzeko proiektuekin lan egingo dutela adierazi du, eta Jar zaitez martxan ildo horretan kokatu du.

Iaz, 379 gaztek parte hartu zuten Jar zaitez martxan programan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!