Eskerrik asko, lehenik eta behin, kargua hartu, eta lehen elkarrizketa Tokikomi emateagatik.
25 urte ibili naiz toki hedabideen garrantzia azpimarratzen, eta logikoa da keinu hau egitea. Interes gai bihurtu naizen momentuan ulergarria da.
Zigor Etxeburuak utzitako lekuan diharduzu lanean. Baduzu haren politikak jarraitzeko asmorik?
Etxe honetan badago ardatz bat hizkuntzaren gaian oso atzetik datorrena eta eten handirik izan ez duena. Lehenago egon diren euskara zuzendariek ere metatu dute aurrekoek egindakoa. Ñabardurekin, erritmo ezberdinekin, hobekuntzekin… baina koherentzia batekin. Duela urte asko erabat erdalduna zen etxea gaur egun elebiduna da. Eta ez nator lehendik ondo egindako ezer apurtzera. Egongo dira egokitzapen batzuk, edo ñabardura batzuk, baina, lehengo ildotik jarraituko dugu.
Bizikidetza, zelan?
Hiru ardatzen gainean. Bata, askatasuna. Pertsonei aitortu behar zaie arautu gabeko esparruetan hizkuntza hautatzeko eskubidea dutela. Bigarrenez, hautuen arteko berdintasuna behar da, bestela, askatasun faltsua litzateke eta. Ulermenaren kontua jarri behar da erdi-erdian. Denok daukagu ondokoa ulertzeko ardura. Berdintasunak eskatzen du oreka. Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daude. Baina horietako batek, gaztelaniak, ditu 500 milioi hiztun eta, gainera, legez derrigorrez jakiteko beharra gaztelaniari aitortzen zaio, ez euskarari. Kasu horretan, berdintasuna lortzeko, hizkuntzen arteko oreka lortu beharko da, eta, horretarako, Gipuzkoako erakundeek eta eragileek egin behar dugu esfortzua euskarak eduki ditzan berezko esparruak, oso berezko izango dituenak, eta esparru horietatik eragina eta prestigioa eman euskarari.
Hirugarren ardatza?
Justizia. Bizikidetza justiziaren gainean oinarritu behar da. Euskararen kasuan, ez dugu ahaztu behar, esaterako, nik neuk gaztelaniaz ikasi behar izan nuela, euskara debekatuta zegoelako. Baliabide asko jarri zen euskararen kontra; orain, legezkoa eta justiziazkoa da euskararen alde jartzea baliabideak.
Gipuzkoari aitzindaritza hartzea dagokio euskararen gaian?
Euskararen erdigune geografikoan dago Gipuzkoa, eta horrek ematen dio abantaila. Horri esker, Gipuzkoa da indargune soziolinguistikoa. Horregatik izan behar dugu aitzindari, berrikuntzaren laborategi… Eta hau ez bakarrik Gipuzkoaren mesedetan, baizik eta, lankidetzan, euskararen lurralde osoaren mesedetan.
Topagunean euskalgintzako eragile jardun duzu. Horrek lagun dezake euskararen inguruan eragileen eta instituzioen arteko harremanak estutzen?
Kargu berri honetarako izendatu nautenek horixe bilatu dute. Borondatea badago. Zubiak eraikitzea eta lankidetza esparruak sustatzea izango da nire zeregina eta erronka, agintaldi amaieran egoera hobea izan dadin.
Arnasguneotan Uemak lan handia egin du.
Uemak oso lan ona egin du arnasgune horiek indartzen. Dena dela, udal handiagoak ere batu dira azkeneko agintaldian Uemara: Tolosa, Zarautz, Bergara… Nire planteamendua da Uema indartzea.
Gipuzkoako Aldundian diharduzun arren, Bizkaian bizi zara. Elorrion. Zein irakurketa egiten duzu Durangaldeko euskararen erabileraz?
Durangaldean badago ikusten dena baino gaitasun handiagoa. Durangaldeak zubi lana egin dezake Gipuzkoaren eta Bizkaiaren artean. Bizkaiaren baskofoniaren esparrua da Durangaldea, hutsuneak badituen arren. Esaterako, eskaintza turistikoaren barruan, hizkuntza uztartzea beharrezkoa du. Eskaintza turistikoan, gaur egun, indigenismoari, bertako horri, bereizten zaituenari, balioa ematea inportantea da.
Beste ezer sumatzen duzu faltan Durangaldean?
Uste dut lankidetza falta dela. Gipuzkoan ohitura handiagoa dago elkarlanerako gizarte ekimenaren eta erakundeen artean. Bizkaian hori batzuetan izaten da, baina beste batzuetan ez. Eta Durangaldean hori bultzatzea posible da. Efektu biderkatzailea izango luke berehala.