Uda eskualdean eman duten saharaui gazteak gaur eta bihar itzuliko dira etxera

Anboto 2015ko abu. 28a, 12:50

Hamadako Izarrak elkartearen bidez 15 gazte saharaui Axpeko aterpetxean izan dira eta bihar doaz etxera. Rio de Oro elkarteak urritasuna duten 11 gazte ekarri ditu eta gaur iluntzean hartuko dute bueltako hegazkina.

Gazte denak Algeriako Tinduf-eko kanpamenduetan bizi dira. Elkarte biek aurtengo aldiaren balorazio oso ona egin dute. Hamadako Izarrak-ek lehenengo esperientzia zuen eta “datorren urtean berriro ekartzeko gogoagaz gaude”, adierazi du elkarteko Garazi Etxebarriak. Beraz, ekimenari jarraipena emango diote.

 

Hemen egon diren bitartean 10-12 urte arteko gazteek azterketa medikoak egin dituzte. Gehienek lehenengoz ikusi dute itsasoa Laidara egindako irteeran eta kanoetan ibili ziren. Otxandioko Hontza Extrem abentura parkean egindako tirolina saioa ere emozioz betetakoa izan zen gaztetxoentzat, ez baitaude toki garaietara edo eskailerak igotzera ohituta.

 

Rio de Oro elkarteak ekarri dituen 11 gazteek —6-12 urte artean— gaur 22:00etan hartuko dute itzulerako hegazkina. Aurten iaz baino gazte gehiago ekarri dituzte eta adin txikiagokoak; horregatik,  lehenengo astean lanpetuta ibili zirela aitortu du elkarteko kide Mikel del Arcok. Erritmoa hartu ostean “oso pozik ibili dira gazteak gurekin eta baita gu eurekin ere”.

 

Abuztuko egun batean Rio de Oroko gazteak Axpera joan ziren Hamadako izarrak-ekoak bisitatzera eta ondoren, azken horiek bisita itzuli zieten.

 

Mohammeden mediku azterketan emaitza onak

 

Mohammed gazteari bihotzeko ebakuntza larri bat egin zioten iaz hemen zegoela. Aurten errebisioa egiteko kardiologoarengana eraman dute eta “emaitzak onak izan dira”, del Arcoren esanetan: “Printzipioz ez du inongo arazorik. Datorren urtean berriro etorriko da eta azterketa medikoekin jarraituko du”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!