Zeintzuk izango dira bisitatuko dituzuen herrialdeak? Zergatik?
Zaila izan da herrialdeak aukeratzea; gugatik izango balitz, herrialde guztiak bisitatuko genituzke. Baina halakorik egitea ezinezkoa dela jakinda, gure artean eztabaidatu ostean, planifikazio hau geratu zaigu: Bilbo-Amsterdam-Berlin-Praga-Viena-Budapest-Ljubljana-Venezia-Florentzia-Erroma-Bartzelona-Bilbo. Hiri horiek aukeratu ditugu bertan gustatzen zaizkigun gauza interesgarri asko topatu ditzakegulako, eta baita gure familiakoek, lagunek, ezagunek… gomendatu dizkigutelako ere. Kroaziara joatea ere gustatuko litzaiguke, adibidez, baina ez da erraza, gure ibilbidetik urrun geratzen zaigulako. Orduan, hainbat herrialde baztertu behar izan ditugu nahitaez, hurrengo batean egingo dugun bidaia baterako utzita, noski. Bestalde, argi dago ekonomikoki ere baldintzatuta gaudela. Hala ere, ibilbide polita antolatu dugu. Aspalditik izan dugu bidaia hau egiteko gogoa. Gainera, oso gustuko dugu bidaiatzea. Gauza berriak ikastea, gure ingeles bikaina praktikan jartzea, beste era bateko gastronomia dastatzea… Bostok uste dugu orain dela gure momentua, hainbeste espero izan dugun bidaia egiteko momentua.
Nola bururatu zitzaizuen bidaia hau egitea?
Udako gau epel batean gure etorkizunaz hitz egiten hasi ginen, zelako planak, ideiak… genituen, eta bostok gauza bat genuen komunean: munduko lurralde askotara bidaiatzea. Orduan, hortik gutako biren ahizpen udako planari buruz hitz egin, eta horiek Interrail txartelagaz bidaiatu zutela aipatu genuen. Amsterdam, Praga, Polonia… bisitatu zituzten motxila bat gainean zutela, leku batetik bestera, gogotsu. Hor hasi zen bidaia hau egiteko nahia. Hasiera batean utopiatzat genuen, baina, urteak pasatu ahala, ohartu ginen bidai hau egiteko gogoak areagotzen zihoazela, eta orduan hainbeste desio genuen hura posible egiteko lehenengo pausoari ekin genion: dirua aurrezteari.
Zelakoa izan da antolakuntza?
Beno, antolakuntzari dagokionez, urrian gelditu ginen lehenengo aldiz seriotasunez. Gogoan dut lehenengo egunean oso urduri eta pozik geundela; ilusio garrasiak nagusi ziren arratsalde hartan. Urduri eta gogotsu geunden udako planari buruz hitz egitean eta pentsatzean. Egun hartan, gustuko herrialdeak zeintzuk diren idatzi genituen orri zuri batean. Hemezortzi izan ziren. Argi genuen ezinezkoa zela guztietara joatea, baina lehenengo egunean ezinezkoa zen guretzat herrialderik baztertzea. Helmugak idatzi ostean beste hamaika aldiz gelditu izan gara. Hurrengo gaia diru kontuak izan ziren. Geroago informazio bilketa egin genuen, zer bisitatu eta zer-nolako gauzak egin ditzakegun jakiteko. Berlinen, adibidez, bizikleta batzuk alokatzea pentsatuta dugu, Europa mailan, egunerokotasunean, bizikletan ibiltzea oso aurreratuta dagoela jakinarazi digutelako. Gainera, hiria beste ikuspuntu bategaz ikusteko aukera ematen digu horrek. Antzeko beste hainbat ekintza ere baditugu planeatuta.
Ostaturen batean egin duzue erreserbaren bat?
Aurrerago, bidaia hurbilago genuela ikustean, aterpetxeak eta ostatuak erreserbatzea izan zen gure hurrengo pausoa. Hori egitea konplikatua izango zela uste genuen, baina, egia esan, oso erraz egin ditugu erreserbak, arazorik gabe. Aterpetxeak erreserbatu ditugu hainbat herrialdetan, merkeenak direlako. Gainera, ikasleok merkeago dugu horrelakoetan egonaldia. Bestalde, aterpetxeetan, munduko beste herrialde batzuetako gazteekin topo egiteko aukera izango dugu, logelak, adibidez, hemezortzikoak eta hamarrekoak direlako. Bestetik, antolakuntzari dagozkion kontuak ez dira zailak izan. Baliteke gure artean eztabaidaren bat edo beste eduki izana ostaturen bat aukeratzerakoan eta bidaiaren eguna erabakitzerakoan, baina, hala ere, hainbeste gogo dugu bidaia hau egiteko, non oztopoak arin gainditu ditugun.
Zelan aukeratu dituzue aterpetxe horiek?
Hiru ezaugarri hartu ditugu kontuan aterpetxe bat aukeratzerako orduan: lehenik eta behin merkea izatea; gero, kokaleku erosoan egotea, hau da, hiriaren erdigunean egotea; eta, azkenik, duen higienea edo garbitasuna. Ondorioz, aterpetxearen itxura, modernitatea, kalitatea… alde batera utzi behar izan ditugu, prezioa dela-eta.Garraioari dagokionez, gehienbat trenean egingo dugu bidaia. Erosi dugun txartela hamar aldiz erabili dezakegu trenez mugitu ahal izateko. Guk bederatzi aldiz erabiliko dugu. Hegazkinean egingo dugu gure lehen bidaia, Amsterdamera; horrela, Paris ekidin dugu, eta ekonomikoago irten zaigu. Azkenik, Italiatik Bartzelonara ferryan joango gara, bidaia hori ere Interrail txartelean sartzen zaigulako.
Askotan, Interrail txartela erabilita bidaiatzea ezinezkotzat jotzen da. Zein da zuen iritzia?
Honelako bidaia bat egiteko hainbat zailtasun daude. Hasteko diruaren kontua dago, nahiko garestia delako. Gainera, antolakuntza serio eta zuzen bat behar da, eta horrek gogo eta erantzukizun handia eskatzen du. Bestalde, beldurra dago. Europara bost gaztek bidaiatzeak bere gorabeherak izan ditzake: herrialde horietan edozer gertatu ahal zaigu, eta, beharbada, bueltan etorri beharko gara. Hala ere, optimistak izan behar dugu, kezka eta larritasun guztiak alde batera utzi behar ditugu.