"Bertso barnetegian harreman polita sortzen da hainbat urtetako jendearen artean"

Anboto 2015ko eka. 16a, 10:03

Bertsozale diren gazte nahiko dago, eta horietako asko eskoletara ere joaten dira; uda sasoia gehiago ikasteko eta interes bereko jendea ezagutzeko aukera da, Iker Apraiz atxondarraren arabera

Bertsotan egiteaz gainera, zer beste gauza egiten duzue?
Bertso barnetegian, azken batean, gutxien egiten dena bertso eskolak ematea da. Bi edo hiru gau igarotzera joaten gara, eta Bizkaiko herri txiki batean –ni Aulestin eta Gorozikan egon izan naiz, adibidez–, gazte asko elkartzen gara, eta, eskolez gain, beste hainbat gauza egiten ditugu. Goiz batean mendira joaten gara; gainera, Aulestin egonez gero, hondartzara ere bai, eta Gorozikan bagaude, errekara. Bertso afari bat ere egiten dugu; ez da serioa izaten, umoretsua baizik, batak bestea zirikatuz. Bertsolari erdi prestigiotsu bategaz izaten da: Fredi Paia, Arkaitz Estiballes... [Barrez] Horretaz gainera, tailerrak ere egin ohi dira, gai-jartzaile tailerra eta epaimahai tailerra, besteak beste. Piropo-posta ere egiten dugu, eta gu, bertsolariok, poeta batzuk garenez, oso piropo politak irteten dira. [Barrez]

Bertso eskoletako jendea bakarrik joaten da?
Berez, bertsotan ez dakiena ere joan daiteke: gure laguna den Maialen Arteaga etortzen da!  Normalean bertso eskoletako jendea etortzen den arren, inoiz bertsotan egin gabeko jendea ere etorri da. Gu, adibidez, lehenengo aldiz etorri ginenean, inoiz bertso eskolan egon gabeak ginen, eta Juanjo Respaldizak esan zigun joateko. Juanjo Ikastolen Elkartean bertso eskolen proiektua aurrera eramaten duena da, oso guapoa bera. [Barrez] Beraz, laburbilduta, ez, ez dago zertan bertsotan aurretiaz jakin, eta talde bat egiten da bertsotan ez dakitenekin eskolak ematerako orduan.

Euskal Herri osoko jendea joaten da? Zein motatako harremana sortzen da zuen artean?
Ez. Bertso barnetegira Bizkaiko jendea bakarrik joaten da, baina gero, bertso udaleku batzuk ere egiten dira, astebeteko egonaldiak, eta, horiek bai, horiek Euskal Herri osoko jendeagaz egiten dira, eta Euskal Herriko edozein lekutan egin daitezke, ez Bizkaian soilik. Bertso barnetegia, Bizkaian egiten dena, bizkaikoentzat da, baina suposatzen dut gainerako herrialdeetan ere antzekoak egiten direla. Giroari dagokionez, harreman polita sortzen da hainbat urtetako jendearen artean, eta normalean ezagutuko ez zenukeen jendea ezagutzen duzu; Gernikatik datozenak, Bilbotik datozenak, Algortatik datorren jendea… Polita izaten da, harreman berriak sortzen direlako. Aberasgarria da inguru bateko eta besteko gazteekin egotea betiere. Suposatuko duzue euskal giroa egongo dela une oro, eta horretan saiatzen gara, baina, hala ere, beti dago taldetxoren bat hemen ere... Baina, beno, normalean denok egiten dugu euskaraz. Giro polita sortzen dela esango nuke nik, giro gaztea.  

Uda sasoiko kontua bakarrik da?
Ez, urtean birritan antolatzen da. Neguan, egonaldi laburrago bat egiten dugu, asteburu batekoa. Eta udan, beste gau bat gehitzen da, eta, eguraldi kontuengatik, ekintza bereziak egiteko aprobetxatzen dugu. Gainera, lehen aipatu ditudan udalekuez gainera, negulekuak ere egiten dira, Gabonetan, beste astebeteko egonaldi bat. Beraz, uda sasoiaz gainera, urtean barrena ere elkartzen gara.

Zer esango zenioke bertso munduarekiko interes eza edo ikuspegi okerra duenari?
Bertso mundua ez dela bakarrik bertsotan egitea. Azkenenan, bertso munduan beste gauza asko ere sartzen dira. Bertso saioak ikustea gustatu ahal zaizu, baina bertsotan egitea ez... Era berean, kontuan hartzekoa da bertsolaritzaren inguruan sortzen den giroa. Batzuek uste dute bertsolaritza oso baserrikoa den zerbait dela, eta gaiak eta interesak ere oso baserrikoak direla: harritzar batzuk altxatzeagaz loturiko gaiak direla. [Barrez] Baina ez. Gai serioak lantzen dira; gero, gustatzen zaizun ala ez, hori beste kontu bat da, baina behintzat entzun, eta entzundakoaren arabera eraiki ikuspuntua, ez lehenago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!