Aniztasun funtzionala duten 11 ume saharaui Aljeriako kanpamenduetatik Izurtzara ekarriko ditu udan Rio de Oro elkarteak. Aurreko urte bietan ere ekarri dituzte autismoa, buruko paralisia edota gorreria dituzten umeak. Rio de Orok eskainitako aukera barik, ume horiek ezin izaten dute errefuxiatuen kanpamenduetatik irten, Oporrak Bakean programagaz askok egiten duten antzera. Umeak eten barik zaintzeko, Espainiar estatu osoko 100dik gora boluntariok eman dute izena.
Rio de Ororen lana ezagutzera eman eta saharauien egoeraz sentsibilizazioa sortzeko, Utzi zure arrastoa kanpaina ipini dute martxan. Herritarrei argazki bat ateratzeko eskatu diete, eskuetan mezu bat hartuta. Rio de berbak oinarri hartu, eta beste bat gehitzea eskatzen dute. Manu Chaok, adibidez, Rio de Esperanza idatzi du. Argazki guzti horiek e-mailez bidali edota Facebooken #riode traola erabiliz elkarbanatzeko proposamena egin dute.
Manu Chaoren keinua
Rio de Oro elkarteko Mikel del Arcok azaldu du Manu Chao Bilbon emandako konferentzia batean ezagutu zutela. Berbaldiaren ostean beragana hurreratu eta euren proiektua aurkeztu zioten. "Edozertan laguntzeko prest zegoela esan zigun". Kanpainan laguntzeko eskaera egin eta parte hartzera animatu da kantari ezaguna.