Udal hauteskundeak 2015

Ahal dugu hazi arazi herri garailea

Uxune Martinez 2015ko mai. 29a, 09:00

Egunotan ez da beharrezkoa matematikaria izatea zenbakiek duten balioaz ohartzeko. Izan ere, dena da matematika. Kalkulu matematikoak, aritmetika eta aljebra, ekuazioak eta deribatuak, zer ez ote da izango alderdi politikoen mahai gainetan aspaldi honetan.


Matematikan zenbaki guztiak dira garrantzitsuak, finituak, arrazionalak, irrazionalak, osoak eta lehenak. Guztiek dute balioa eta zeregina, hauteskundeetako botoen antzera. Boto bakarra, bi edota hiru asko ez badira ere, euren balioa garrantzitsua da.

Boto bat: Boto bakarrarengatik zinegotzi bat dantzan egon zen Garain. Herri Taldearentzat bosgarrena edo EAJrentzat hirugarren zinegotzia ezbaian izan zen une batez. Bi boto: Mañarian bi botok berriz irabazle bihurtu zuten EH Bildu. Hiru boto: Mallabian, aldiz, hiru bozka izan ziren EAJri alkatetza eman ziotenak eta aldaketa gauzatu zutenak udaletxean.

2015eko hauteskundeek, orokorrean, ez dute eskualdeko egoera politikoa hankaz gora jarri. Ez da tsunami ez lurrikara berezirik sumatu, eta paisaia, aurrekoarekin parekatuz gero, berdin samarra irudikatzen dugu. Herri handietan, Durangon, Iurretan eta Zornotzan, berriz izan da alderdi jeltzalea nagusi, EH Bilduk ez du lortu lehenestea, eta Ahal Dugu aukerarekin bat egiten duten herri mugimenduen presentziak moldea hartu du. Elorrion azken urteotako lehia estua errepikatu da. Alderdi nagusi biak elkarren bueltan dabiltza boto kopuruan, eta ez batak ez besteak ez diote abantaila handirik ateratzen elkarri. Abadiñon independenteen formulak jarraitzen du lehen postuan, eta Zaldibarren garaile izan da berriro herriarekin elkarrekintza helburu izan duen hautagaia. Orokorrean, “zaharrak berri” erroan duen analisi honek baditu aurreko hauteskundeetatik alderatzen dituen adierazleak.

Biztanleria kopuru handiagoko herrietan, aurreko legegintzaldiko egoerak aurrera darrai, baina zertzelada berriekin: abstentzioa hazi egin da; EAJk hainbatetan bere posizioa indartu du; EH Bilduk bilakaera ezkorra izan du, Iurreta eta Elorrion izan ezik; eta PP ia alderdi ikusezin bihurtu da.

Herri txikietan, aldiz, ezaugarriak ez dira berdintsuak. Lehia biziagoa izan da alkatetzetarako bidean. Atxondon, Mallabian eta Mañarian lausotu egin da bi alderdi nagusien arteko aldea, eta irabazleei emaitzek erne egotera gonbidatzen diete. Eskualdeko abstentzio handiena izan duen herrian (Izurtza) eta gutxien izan duenean (Garai) alderdi irabazleak (EH Bildu eta Herri Taldea) eta bigarrenak (EAJ) murriztu egin dute diferentzia.

Laburbilduz, aurreko lau urteetako kudeaketa ereduak aurrera egin du. Herri nagusietan egonkortu egin da alderdi irabazleen posizioa, eta txikietan aurreko legegintzaldiko ereduak galbahetik pasa dira.

Hori da zenbakien irakurketatik atera dezakeguna, baina politika matematikatik harago doa. Politikak baditu, besteak beste, kimika eta psikologia.

Kimikak bultzatzen gaitu hainbat aukeren artean bata edo bestea hautatzera. Eta hautagaiek psikologia beharrezkoa dute hauteskundeen emaitzek aditzera ematen dutena interpretatzeko.

2015eko udal hauteskundeen eskualdeko emaitzek agerian utzi dute hauteskunde garaiko lema, lelo eta marketinez jositako esaldiek ez dituztela herritarrak mugiarazten aldaketak gauzatzera. Hitz politen kimikak ez du funtzionatu.

Bestalde, erabateko aldaketen aldeko aldarriek, gauzak beste modu batera egitera gonbidatzen gintuzten alderdiek ez dute behar den besteko indarrik batu aldaketa horiek gauzatzeko. Aldaketa nabarmenak baino, pauso txikiez egunero bidea egitea nahiago dugu, antza. Aldaketen aurrean erresistentziak badu oraindik gizartean pisua. Psikologia izanez gero, datozen lau urteotan kalean beharko lukete alderdi politikoen ordezkariek. Herritarrekin hartu-emanak estutzen, elkarrizketa biziak sortzen. Ondokoei galdetzen zerk kezkatzen dituen eta erantzunak aintzat hartzen. Abstentzioaren aldeko herritarren ezaugarriak aztertzen, euren erabakiaren zergatia ulertzeko asmoz. Elkarrekintza bideratzeko formula berriak irudikatzen.

Alkate eta ordezkari kalezaleak behar ditugu, udaletxeko mahai atzean ostendu beharrean, herritarrekin batera eguneroko bizitza eraikitzen.

Horrela bai, horrela ahal dugu hazi arazi herri garailea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!