Agortua beharko lukeen imajinario horrek gure jendartea abertzaleen eta espainiar nazionalisten arteko antagonismo baten gatazkaren aurrean gaudela irudikatzera eraman gaitu. Zentzu horretan eta tamalez, Gure Esku Dago eta tankerako ekimen ezinbestekoek Nafarroan eta Araban giza eskubide funtsezko baten aldeko atxikimendua indartzeko balio izan badute ere, agian Bizkaian eta Durangaldean EAJri interesatzen zaion abertzaleen fronte folklorikoaren iruditegi zahartu eta tranpatia elikatzeko balio izan diote, helburua abertzaleen batasuna dela irudikatuz. Eta badirudi agortutako imajinario hori hauspotzen duten ekimenik eratu aurretik, beste antagonismo bat indartu behar dela lehenik: gizartearen ohiturak aldatzeko inongo asmorik ez duen alderdi kontserbadore baten eta proiektu eraldatzaile bat gorpuztu nahi duten herri mugimendu zein alderdien artekoa. Ardatz identitarioa alboratu, eta Bizkaiari proiektu erakargarri bat eskainiko dion mugimendua izan behar du, identitate anitzekoa, zabala eta herrian errotutakoa.
EAJ ez da alderdi klasiko bat; momentuan momentuko jendartearen joera ideologiko nagusiak kudeatzen dituen sare gisako bat izanik, jendartearen joera eta instintu kontserbadoreekin bat egiten duen alderdi praktiko eta hiperpragmatiko bat da. Ez da konplikatzen. Jendarteak kasuan-kasuan islatzen dituen joerak kudeatzera mugatzen den ondo engranatutako eta Bizkaiko txoko guztietan errotutako enpresari, lagun, jauntxo, komunikabide, bezero eta abarren sare indartsua da. Besteok gara jendearekin borrokatu behar dugunak, garaipenak jendearekin eta jendearen kontra eginez lortzera behartuta gaudenak. Alderdi jeltzalearen egitekoa ondoren etortzen da beti, gure garaipenak zein porrotak kudeatzera. Horregatik, EAJri aurre egitea gure jendartearen pentsamendu hegemonikoari kontra egitea bezalakoa da askotan, pareta baten kontra jardutearen modukoa.
Durangaldean, ordea, gauzak aldatuz joan dira azken hamarkadan. EAJren eta EH Bilduren lehia asko berdindu da urteotan. Esan daiteke Bizkaian eskualde hau dela EAJri gehiengo instituzionala kolokan jartzen dion bakarrenetakoa (Lea-Artibai eta besteren bat ahaztu gabe). Elorrion, Izurtzan, Atxondon, Otxandion eta Zaldibarren EH Bilduk irabazi du; Berrizen, Zornotzan, Mallabian, Iurretan eta Durangon EAJk; eta Abadiñon, berriz, “independenteek” irabazi dute. Lehia oso parekatua da, baina jeltzaleek betiko indarrari eusteko gaitasuna erakutsi dute, eta EH Bilduk oro har behera egin du.
Bizkaian oso errotuta daude hainbat tradizio eta ideia kontserbadore, EAJk ederki kudeatzen dituenak. Eta, nire ustez, ideologia horren gakoak eta iruditeria ez badira analizatzen, eta handik abiatuta jendartearen pentsamendua eraldatzen saiatzen, ilusio hutsa da noizbait EAJri Durangaldean (eta Bizkaian oro har) pultsu instituzional hutsez garaituko zaiola pentsatzea. Horregatik, behera egin duen herrietan, EH Bilduk bere buruari begiratu beharko lioke, kanpo faktoreei beharrean, galeraren arrazoia aurkitzeko. Gaizki egindakoak kanpo faktoreekin ezkutatzea akats infantilean erortzea litzateke.
Herri batzuetan injustua irudituko zaien arren (ordainsaririk izan ez duen eta isilarazia izan den lan eskerga egin dutelako), autokritika da Durangaldean proiektu eraldatzailea proposatzen dutenen posizioa indartzeko modu bakarra. Autokritika horretan bi puntu azpimarratuko nituzke oroz gain. Batetik, EH Bilduren alderdi batuketaren eredua agortuta dagoela azpimarratu behar da. Edo benetako herritarren parte hartze zabalarekin herritar fronte bat osatzeko bidea abiatzen du koalizio independentistak (Elorrio eredu bat izan daiteke, esaterako), edo are indar gehiago galtzen jarraituko du hurrengo bozetan. Eta, bestetik, ezker abertzaleari hainbat inertzia zaharrekin apurtzeko ordua iritsi zaiola iruditzen zait; pankartaren atzean inongo eraginkortasunik gabe esentziak gordetzera mugatzen den ezker abertzale jakin bati, zorionez gehiengoa ez den horri, albo batera egiteko garaia iritsi zaio. EH Bilduk askotariko jendea erakartzen duen herritarren fronte zabal bilakatu behar du, gazteei lekua egingo diena, herritarrengan ilusioa piztuko duena, ez arroztasuna, ezta urruntasuna ere. Hurrengo lau urteak abagune ezin hobea izango dira autokritika egin eta herritarren fronte hori zabaldu, koloreztatu eta indartzeko.