Etorriko dira beste hauteskunde batzuk berandu baino lehen eta, atzera, egingo ditugu lubaki berriak, aurpegiratuko kritika zorrotzak, esango irain mingarriak. Hauteskundeek berezko ezaugarri dute ideiak, proiektuak, egiteko moduak eta estiloak aurrez aurre jartzea eta berezko ezaugarri dute, herri honetan bederen, alderdi politikoak, buruzagiak, erakundeak eta herritarrak bando ezberdinetan jartzea eta etsai bihurtzea.
Baina gurean badakigu bestelako borrokak ere egiten; konfrontaziotik urrun, elkarren ondoan, lubakietatik kanpo, plaza eta kale zabaletan.
Eta borroka horietan herritarrak ez gara ikusle hutsak. Borroka horietan, herritarrak protagonistak gara. Ez gara alderdien txontxongilo. Halakoetan alderdi eta erakundeen aurretik jartzen badakigu, gizarteko aldaketak eragiten badakigu.
Herritarrok badakigu kultura, hezkuntza, euskara edo beste oinarrizko eskubideen aldeko egitasmoetan elkarren ondoan lan egiten. Banatzen gaituena alde batera utzi, eta batzen gaituenari lehentasuna emanaz lortu ditugu hainbat helburu. Urrutira joan gabe, horren adibide garbi batzuk ditugu inguruan.
Hortxe dago Plateruena Kafe Antzokia, kultur egitasmo herritarra. Berriki elkarte, alderdi politiko, erakunde eta herritarren laguntzaz aurrera egiteko behar zuen babesa lortu du.
Beste adibide bat Ibilaldia da. Urtebete barru, ikastolen aldeko festa ospatuko dugu Durangon, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatuta. Ikastolen aldeko ospakizuna ez ezik, Durangorentzat egun handia izango da. Eta hitzordu horretan ere guraso, irakasle, ikasle eta gainontzeko durangar eta bizkaitarrek eskutik helduta egingo dute aurrera, hutsik egin barik. Bada berehala ekin beharreko beste erronka bat. Ekainaren 21ean, erabakitzeko eskubidearen aldeko ospakizun handia egingo da Euskal Herrian Gure Esku Dago dinamikaren eskutik.
Bizkaian San Mames, Gipuzkoan Anoeta, Araban Buesa Arena eta Iruñean zezen plaza eskubide horren aldeko borondatez betetzea da helburu.
Egitasmo honetan ere aurreko adibideetan bezala ez dira lubakiak egongo, ez bandoak, ez eta barrikadak ere. Batzen gaituena banatzen gaituenaren gainetik jarriko dugu ekainaren 21ean.
Eta erabakitzeko eskubideak batzen gaitu. Denok dugu zer esan horren inguruan, denok dugu zer erabaki. Herri libre bat nahi dutenek hori aldarrikatzeko eskubidea dute, beste herri baten parte izaten segi nahi dutenek ere ozen esan dezakete. Eta aurreko adibideetan bezala Gure Esku Dagoren ekimenetan ere herritarrak dira protagonista. Hauteskunde deialdietan ez bezala, oraingoan, alderdiek ez dizkigute beharrak egingo, herritarrok izan behar dugu ekimena, gu izan behar gara bultzatzaile eta arima.
Horrelako erronkek lana eskatzen dutela, ahalegina, denbora eskatzen dutela eta ilusioa. Eta eskuak behar ditugu, lanerako prest dauden eskuak.
Iaz, ekainaren 8an, giza katea osatu genuenean denok sentitu ginen garaile, apur bat bederen. Norberak borrokatutako erronketan garaipenak askoz ere zapore gozoagoa du. Denen garaipena norberarena ere badelako. Banatzen gaituena bigarren mailan uzteko gai izan garelako, batzen gaituena lehenetsiz.
Lubakietatik ateratzeko aukera ematen digulako eta kale, plaza, saskibaloi kantxa edo futbol zelaietan gure nahia aske oihukatzen dugulako. Merezi du erronkak.