Udal hauteskundeak 2015

Hauteskundeen inguruan hainbat gogoeta orokor

Aitor Aurrekoetxea 2015ko mai. 29a, 09:00

2015eko hauteskunde hauek oso adierazgarriak izan dira soziologia politikoaren ikuspegitik ikusita, eta, zentzu horretan, Durangaldeko emaitzetatik haratago ideia nagusi batzuk zuekin partekatzea gustatuko litzaidake. Lehenengo eta behin, esan beharra dago Bizkaian kontuak nahiko garbi daudela. EAJren nagusitasuna erabatekoa da, baita Ezkerraldean ere. Horrek ez du esan nahi, lehen pentsatzen genuen moduan, alderdi jeltzalea alderdi bizkaitarra denik, Araban eta Gipuzkoan ere irabazi baitu, eta Nafarroan Uxue Barkosen eskutik aukera guztiak ditu estreinakoz erkide foraleko agintaritza lortzeko abertzale eta aurrerakoiekin itunak eginez.


EH Bilduren emaitzak ez dira koalizio abertzale eta ezkertiarrak izan zitzakeen onenak, baina 300.000 bozka baino gehiago atera ditu eta horrek izugarrizko oinarria ematen dio etorkizunari aurre egin ahal izateko. Gertatu zaiona da duela lau urte arazo askoren gainetik lortu zuen bozka kopurua ikaragarria izan zela eta hori mantentzea oso zaila zen hainbat faktorerengatik. Esaterako, Gipuzkoan egin izan den boterearen kudeaketari gerri politikoa falta izan zaio. Hainbat jenderen pertzepzioa izan da zaborren inguruko gatazkak izugarrizko mina egin diola EH Bilduri, afera hori koalizioaren kudeaketa “harroputzarekin” lotuz.

Beste egitasmo estrategiko batzuetan ere, EH Bilduk ez du jarrera eraginkorrik izan. Eta bakardade horrek argazki zuri-beltza proiektatu du hainbat sektorerengan (esaterako, Donostia 2016 apustua edota Tabakaleraren kasua). Hala eta guztiz, EH Bilduk daukan arazo handiena ez da kudeaketarena, ezta Podemos agertu izana ere, baizik eta beste bat, eta, nire ustez, askoz serioagoa: alegia, bera irabazteko zorian dagoenean, EAJk moderaziotik eta alderdi konstituzionalistetatik bozka nahikoa jasotzen duela hori gerta ez dadin.

Hori da nire uste apalean EH Bilduk daukan eta izango duen erronkarik handiena, hau da,zelan gainditu hainbat biztanlerengan sortarazten duen irudi ez-erakargarria.

Horren adibide paradigmatikoa Durangon gertatzen dena izan daiteke, non EH Bilduk izugarrizko atxikimendua lortzen duen, baina EAJk askoz gehiago, beste alderdi batzuk desagertarazteraino. Hori kronikoa bihurtzen bada, sorpasso ezinezkoa deitu ahal izango genuke.

Azken finean, EAJk benetako transbertsalitatea lortzen du (abertzale eta abertzale ez direnen bozkak lortzen ditu) eta baita zentralitatea ere (edozeinekin itunak egiteko aukera izatea) eta horixe izango litzateke EH Bilduren arazo nagusia.

Gainontzeko alderdiek emaitza eskasak izan dituzte, Podemosek izan ezik. Podemosek 148.000 boto izan ditu Hego Euskal Herrian, eta hori ez da txikikeria. Hala eta guztiz ere, bozka horiek jatorri ezberdina dute, eta nolabait krisiarekin txarto pasatu duten pertsonenak dira. Ikustear dago zelan kontentatuko dituzten hainbeste sentsibilitate anitz.

Bukatzeko, Nafarroako hauteskundeen inguruan inon irakurri ez dudan datu bat mahaigaineratzea gustatuko litzaidake. Egia da aldaketaren aldeko indarrek (Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta IUk) Nafarroako Parlamentuan 26 eserleku atera dituztela, eta horrek izugarri poztu nau. Baina esan beharra dago 300 boto ziztrinengatik Ciudadanos alderdiak ez diola Geroa Bairi bederatzi garren eserlekua kendu, eta hori horrela balitz, erregimenaren aldeko alderdiek nagusitasuna izango lukete; eta, ondorioz, ez litzateke aldaketarik izango.

Hauskortasun horrek eraman behar gaitu Nafarroan aldaketa patxadaz eta inteligentziaz egitera, aldaketa hori iraunkorra izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!